Egin apustu!

Pablo Berasaluze eta Titin (Argazkia: Fernando Pidal)
Bukatu da neguko esku pilota maratoia. Baditugu onezkero binakako txapelketako lau bikote onenak. Ez ustekoak egon dira, bai guretzat, pilotazaleentzat, eta baita enpresentzat ere. Azkenean, Irujo eta Barriola kanpoan geratu dira. Txapelketaren hasieran idatzita utzi nuen Aspek iaz Barriolari egin zion itsusikeria konpontzeko jarri zuela aurten Irujorekin, baina erabaki horrekin ez dute lortu Barriolari iaz kendutakoa bueltatzea. Pilotetaz kexatu izan da Irujo behin eta berriro baina, gaixotasuna alde batera utzita, ezintasuna nabaritu da beraien jokoan. Aimarren aurka galtzea ez da pekatu larria, baina Titinen azpitik geratzea ez da normala.

Aipagarria den beste puntu bat da, enpresa bakoitzeko ustezko atzelari onenen errendimendua ez dela izan nahi adina ona. Begino zurtz bezala sentitu da txapelketa osoan eta Zubietak ez du bere legea ezarri atzeko koadroetan. Punta puntako aurrelaririk gabe bi atzelariek lekuz kanpo aurkitu dute beraien burua.

Honela ikusi ditut sailkatu diren bikoteak:

Olaizola II-Beroiz:
Bikote gogorrena. Normalean aurrelari errematatzaileak gustoren ibiltzen dira atzelari jotzaileekin. Beroiz ez da jotzailea, baina Panzer batek bezala, lurraldea bereganatzen joaten da partiduan zehar. Faborito nagusiak dira, baina orain arte egindakoak ez die balio izango.

Berasaluze VIII-Albisu:
Gorantz joan dira txapelketan zehar. Bikote orekatua osotzen dute. Pablok esperientzia eta errematea eskeintzen ditu. Irabazteko behar duena, atzelari dominatzaile bat da. Albisuk dominatu egin du partidu askotan. Palanka luzedun atzelaria da. Une batzuetan faltatu izan zaio pilota gehiago baztertzea eta gutxiago galtzea, baina bikote honen sailkapena ezinezkoa izango litzateke berak joko sendoa erakutsi izan ez balu. Gainera, jendearen gustokoa da.

Titin-Merino II
Titin bere «saltsan» ibili da, duen adina kontuan hartu gabe. Aurrelari gehienak menperatu ditu eta Olaizolari aurre egin dion aurrelari bakarra izan da. Merinok bere gaitasun guztiak erakutsi dizkigu. Ez da jotzaile haundia, baina oso gutxi galtzen du eta beti behar den jokaldia egiten du. Pilotari «zientifikoa» da atzelari errioxarra eta bien arteko sinergiak bikotearen balioa bidertu egin du.

Xala-Laskurain

Buruz buruko Txapelduna, denboraldi zaila igaro ondoren, berriro jokoa hartzen ari da. Xalak min haundia egin dezake ezker aidez eta boleaz, baina tantuak landu beharko ditu, hau da, Laskuraini laguntzea tokatuko zaio. Laskurain atzelari dotorea da, ezker bikaina duena. Bere ahulezia beti eskubia izan da, horregaitik Xalari eskatu behar dio nohizean behin atzeratu eta ezkerrez pilota azken koadroetan jartzea. Animo aldetik bete-betean egongo dira.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE