Egun haundia Bizkaia frontoian

Amillategi

Ametsak ere gauza egiten dira, batzutan. Bizkaia frontoiak historia aldatu dezake lurralde historikoan. Bizkaian eskuko afizioa batez ere herrietan kokatuta egon da. Bilbon herraminta izan da nagusi beti. Orain herraminta mundua sekulako krisia jasatzen ari da. Eskupilota ere aldi latza bizitzen ari da, baina badirudi ‘masa kritikoa’, batzutan armailetan eta besteetan telebistaz, leiala    dela.
Erakundeek eta beraien agintariek apustu bat egin dute etorkizunari begira. Azpiegitura ikusgarria eraiki da, Bizkaia frontoia ardatza izan daiten datozten pilotarien belaunaldientzat.
Merezi zuen lehen partiduak berezia izatea. Ez bakarrik berezia, bikaina izango da. Azken hamarkadako bi figura haundienak aurrez-aur izango ditugu. Irujo eta Aimar egungo pilotaren ezaugarriak dira. Bakoitzak bere enpresa ordezkatzen du. Irujo inoizko aurrelari haundienen zerrendan sartu da dagoeneko, banaka eta binaka nagusi dela erakutsiz. Baina pilotari haundiak behar dituzte aurkari gogorrak beraien itzala luzeagoa izateko. Aimar da Irujoren etsai naturala. Zaletuen artean ere banaketa sortu arazi dute, batzuk Irujotarrak, besteak Aimarzaleak. Garai bateko Atano VII eta Onaindiak bezala, jendea eramaten dute frontoietara, familietan ere badaude semeak bataren aldekoak gurasoak besteearenak.
Pilotari konbinazio onena eskaini digute enpresek. Beraiek ere saiatu dira aurten txapelketa parekatu bat antolatzen, eta erabat lortu dute. Emozioa gainezka dago, apustua egitea inoiz baino arriskutsuago dirudi.
Lehen partidua Bizkaia frontoian gogoratua izango da hurrengo urteetan. Badirudi zaletuek ere erantzungo dugula. Jokalarien eskuetan geratzen da ikuskizun ahaztezina eskaintzea. Zorionak bizkaitar pilotazale guztioi.
© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE