ELKARRIZKETAK DEBUTARIAK: Aitor Aiestaran eta Jon Irazu

AITOR AIESTARAN (Hernani 1997, atzelaria)

«Niretzat oso betegarria da erremontean jokatzea»Zer suposatzen du zuretzat profesionaletan debuatzeak?

Gogotsu nago eta urduritasun puntu batekin. Aspalditik espero genuen eguna da, eta azkenean iritsi da. Txapelketa batean debutatzeak ere motibazio handiagoa ematen du; beraz, ea egun polita ateratzen den. 

Noiz jakin zenuen debutatuko zenuela?

Duela bizpahiru aste esan zidaten, afizionatuen txapelketa jokatzen ari ginen bitartean. Sorpresa ederra hartu nuen; bagenekien batenbat gora igoko zela, baina ez genekien zeintzuk eta zenbat izango ziren. Presiopean ari ginen afizionatuen txapelketan, ahalik eta maila onena ematen debutatzeko aukera lortzeko. Horixe da helburu handienetako bat. Hala jaso genuen albistea eta segidan iritsi da debutaren eguna.  


Erremontean hasi zinenetik nola joan da zure ibilbidea? 
Galarretara lehen aldiz joan nintzenean ia hutsetik hasi nintzen. Umetan probatu genuen zerbait, eta pare bat pelotakada jota nengoen ordurako, baina ez nekien jokatzen. Zerotik hasi nintzen, eta pixkanaka joan naiz hobetzen, jokoa ulertzen eta jokatzen. 

Zer izan da zailena bide horretan?

Niretzat hasiera da zailena. Jende askori egiten zaio zaila erremontean hastea, eta guri ere bai. Hasieran oso ohikoa da, adibidez, pelota frontisera botatzera joan eta atzeraka irtetea, jende askori gertatzen zaio. Ikasten duzunean pelota ondo bideratzen, orduan hasten zara aurrerapausuak ematen. Niretzat oso betegarria da zentzu horretan; lehenengo helburua pelota berdean sartzea da, behin hori lortzean pelota bat ateratzen duzu paretetik, eta hurrengo egunean goitik ematen diozu. Poz txikiak pilatzen joaten zara egunez egun. Zailena hasierako pausu hori da, baina gero oso kirol polita da. 

Txapelketa txukunean egingo duzu debuta

Txapelketa potentea da, bai. Lau debutari izango gara, baina badago jendea maila oso haundia daukana: Goikoetxea, Loitegi, Apezetxea, Zubiri, Zaldua… Sekulako maila daukate askok, txapelketa haundiak jokatutakoak dira, eta hala jarraituko dute aurrerantzean. Niri iruditzen zait oso txapelketa polita geratu dela. Aurkezpenean aipatu zuten oso orekatua dagoela guztia, ez dakit hala izango den ala ez, baina itxura ona dauka. Niri Goikoetxearekin jokatzea egokitu zait, lehenengo mailako pelotaria da, eta plazerra da harekin jokatzea. Uste dut asko lagunduko didala. 

Aurretik ezagutzen zenuen Goikoetxea?

Bai. Ni hasi nintzenean bera zen entrenatzaileetako bat. Harekin hasieratik izan dut harremana eta orain tokatzen zait kolore bereko kamiseta jartzea. Gainera, aste honetan elkarrekin entrenatzen aritu gara. 


Jende pixka bat mugituko duzu herritik. Asko nabaritu duzu ingurukoen ilusioa? 

Bai (barrez). Hiru aste bakarrik pasatu dira albistea jasotzetik debutaren egunera, ez da denbora askorik pasatu, eta harrituta nago asko zabaldu delako. Nik dakidala, eta ez dut asko jakin nahi, bazkari pare bat izango dira, eta soinua izango da Galarretan. Beldur pixka bat ere ematen duen arren, pozgarria da ingurukoak eta herrikoak hor egotea. Ilusio haundia egiten dit. Horrez gain, badaude egotea nahiko nukeen eta ezingo duten pertsonak, eta besarkada bana bidali nahiko nuke Martutenera eta Zaballara. 

Zein da erremontean duzun helburua?

Helburua hobetzen jarraitzea da. Txapelketaro mundu guztiak izaten du buruan irabazteko helburua. Egia esan ez naiz horri begira gehiegi jarri, uste dut garrantzitsuena izango dela kanxtara ohitzea eta maila txukuna ematea, jendeak gozatu dezan. 

JON IRAZU (Aduna 2000, aurrelaria)

«Aitona beti joan izan da Galarretara eta erremontea beti izan da gaia etxean»

Zer suposatzen du zuretzat profesionaletan debutatzeak?

Dudarik gabe aurrerapuaso bat da. Pauso txikiak ematen joan gara eta azkenean orain arte eman dudan pausorik garrantzitsuena da. Erremontean hasi nintzenean ez nuen uste profesionala izatera iritsiko nintzanik. Gero Villabonan jokatu nuen partidua eta gero ikusi nuen baietz. Profesionalekin aritu nintzen egun horretan. Banekien gertu zegoela eta iritsiko zela.Hortik aurrera zain.

Urduritasuna larunbateko partiduari begira?

Nahiko lasai nago, baina egunetik egunera gero eta urduriago nagoela nabaritzen dut. Nik uste eguna eta momentua iritsi arte lasai egongo naizela eta momentuan iritsiko zait urduritasuna. 

Lagunak, senideak… asko joango dira eta zerbait berezia prestatu duzue?

Aduna herri txikia da. Familiakoak badoaz, herriko lagunak ere bai. Adin ezberdinetako jendea hurbilduko da.

Nola ikusten duzu txapelketa eta nola moldatzen zara bikotearekin?

Zubiri nire entrenatzailea izan da. Egia esan oso gustora egon naiz berarekin. Jakin nuenean bikote izango ginela Berria Txapelketan pozik jaso nuen berria. Gainera bere jokoa gustatzen zait. Oso gustora. Txapelketa oso parekatua ikusten dut. Bikoteak oso prekatuak daude. Oso berdindua ikusten dut txapelketa.

Noiz eta zergatik hasi zinen erremontean?

Oraindela lau urte hasi nintzen erremontean jokatzen. Aurretik eskuz ibiltzen nintzen, baina eskafoideseko lesioa izan nuen. Ebakuntza izan nuen eta berez oso onak ez nituen eskuetan arazoak gehitu egin ziren. Eskuko minak areagotu egin ziren, esan zidaten eskuko zirkulazioa ongi geratu zala, baina min handia izaten nuen. Aitona betidanik joaten da Galarretara eta etxean beti izan da gaia. Probatuko nuela esan nuen, gustatu eta gaur arte.

Aurrelaria, zergatik?

Esku pelotan atzelaria nintzen. Erremontean hasieran ez nuen nik erabaki, nire jokamoldea nola egokitzen zen ikusi nuen eta aurrean errazago ikusten nintzen eta hortik jarraitu nuen. Gaur egun ez dut nire burua atzetik jokatzen ikusten

Zein izan duzu erreferentzi?

Imanol Ansaren oso laguna naiz eta oso garbi jokatzen du postura aldetik. Jokamolde aldetik ez dut erreferentzizko pilotari bat. 

Zein da zure ahulgune eta indargune nagusia?

Nik uste ahulgunea goiko postura eta paretan postura horretan pelotaren bila sartzea dira. Gorputzarekin ez dut laguntzen eta beso hutsean ematen diot pilotari. Indargunea, alboko kolpea da. 

Argazkia: Urtzi Gurrutxaga, Jon Irazu, Aitor Aiestaran eta Aritz Eskudero

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE