Gogoan izatekoa bart arratsean izan degun pilota jaialdia Zestoan, ospakizun baterako gordean eduki eta atera nahi izaten den horietakoa. Hauexek jokatutako bi pilota partidetako emaitzak:
1. ELORDI-OTADUY…22 / ETXEBARRIA-SALEGI…14
2. AZKETA-AIZPURU..21 / E-LABAKA-IRUSTA……22
Bi zatitan bereiztu beharrekoa gazte mailan jokatutako lehendabizikoa. ETXEBARRIAren sarrera indartsuari lotutako OTADUYren ia etenik gabeko pilota galtzearen ondorioko lehen zati bat, eta Berriztarra bere onera etorri osteko ELORDIren erakustaldiak eragindako bigarrena. Gorka Otaduy ezezagun bat atzo ikusten ari ginena, aparteko sailtasunik gabeko pilotak galtzen bata bestearen atzetik eta gauzak horrela 5 eta 0, 6 eta 3 eta 11 eta 3ko alde nabarmena lortuaz ETXEBARRIA-SALEGI bikoteak. Asentatu zen pixka bat ordea gerriko gorridunen atzelaria eta aurrekoadroetan pilota gose zegoen Aitor Elordiren jokua hasi zen nabaritzen, defentsan ondo eta partidako erantzunkizuna hartuaz, erasokor benetan. Ondorioz 2 tantora gerturatuz 9 eta 11kakoa markagailuan, beste bi tanto Etxebarriak eta 9 eta 13. Atzetik zihoazenen joku obetzearen ondorioz 14garrenean partiduko berdinketa bakarra, hortik aurrera zuzen 22raino joan zirelarik garaileak.
Pilotarien lana aipatzeko garaian Aitor Elordirena azpimarratu behar besteen gainetik, 10 tanto eginak: sakez 1, ezker airez zabaleran gurutzatutako 2 oso onak, ezker airez baita ere txokoan utzitako 2, zabalean botera jarrita eskubiz moztutato beste 2, goitik beherako eskubiko boleaz jotako ikusgarri bat, botez txokoan moztutako bestea, eta atzera luze jotakoarekin azkena. Sakerestoan airez sartutako bakarra berak galdutakoa. Bikain benetan Mallabiarra, bikote lagunak ere txaloak jo zizkiolarik azken sakea ateratzera zihoanean.
Gorka Otaduy urdiri atera zela esango genuke atzo kantxara, lekuz kanpo, pilotara jarri ezinik eta asko galduaz arrastoan sartu zen arte. Ordutik atzera bere lanak txukun egin zituan baina aurreko partidetako freskotasunik erakutsi gabe hala ere.
Galtzaileen aldetik Aitor Etxebarria saiatu zen norgehiagoka bere terrenora ekartzen, sakearekin, oraintxe luze oraintxe motz, defentsan airez sartu eta jokoa aurrekoadroetan jarriaz, eta pilota atzeratuz ere zuloak ireki nahian. Baina atzo aurkari gogorra zeukan parean eta, aukera gehiegi ez izanik aurrekoadroetan tantoak egiteko, defentsarekin bakarrik ezin irabazi. Lan horretan atzelariari lagunduz airez ekarritako sakeko pilotekin ere Elordik behin baino gehiagotan tantoa egin zion, pilota bila joan eta airez sartuta. 5 tanto egin zituan baina 3 sakez eta bi galdutako erasoan.
Bikote lagun Unai Salegi ere ahalegindu zen berea ematen baina ez zuela lortu esango genuke. Gogotsu aterea, bazirudien atze koadrotako pilotak ekartzeaz gain bertara bidaltzeko gai ere izango zela Etxeberriak errematerako aukerako pilotak izan zitzan, baina behar bezelako etekinik etzion atera horretarako izandako aukerei. Bost pilota galdu zituan eta hoietako bi sakeari erantzuterakoan.
Gazte mailako partidak ez bazigun esperotako guzia eman, bai horregatik hurrengoak! Luzea eta maila onekoa, gogor lehiatu eta parekotasun haundiz jokatua, eta 21na tanto egin eta azken erabakiorrean lau pilotarien arteko diki-daka elektriko baten ondoren Eneko Labaka Albizturtar aurrelariak txokoan moztutako pilota batekin 22garrengoan amaitua, 18 eta 14 galtzen eta 21 eta 19 irabazten joan ondoren. 1-1, 2-5, 5-5, 8-5, 8-10, 9-11, 11-11, 12-12, 13-13 eta 14-14 elkarren ondoan ibiliz gero 18 eta 14 aurreratu zen Azketa-Aizpuru bikotea, baina etzeuden nolanahi galtzeko Labaka eta Irusta, eta 19-17 bi tantora urreratu ondoren 19an topo elkarrekin berriro. Eneko Labakaren ausardia partidaren azken une erabakior honetan eta 2 tanto eder egin ondoren 21 eta 19 aurretik gerriko urdindunak. 22garrenaren bila, eta pilotazaleen txalo artean, Labakaren sakea eta Aizpuruk jaso, piloteo gogorra eta oinak ia hirugarren koadroan zituala Azketaren goitik beherako boleakada ikaragarri bat txaparen gain gainean eta 20-21 markagailuan. Elkarri animoak eman eta sakedunak epailearen saskira pilota bila, berri bat atera eta aurkariei probatzeko eman ondoren Azketaren sakea, eta pilotak kantxa eta ezker horma bata bestearen atzetik jo ondoren ezin ekarri Irustak.Hogeitabana! Pilota berarekin eta pilotazaleen txalo artean 22garrenaren bila Azketa ere, baina aurrekoan gertatua ez errepikatzeko Labakak airez sartu eta ekarri pilota, joku serioa berriro eta Irusta agintzen atze koadrotara bidaliaz pilota, Aizpuruk ozta-ozta ekarri txaparen gainean jarriaz eta Labakak gerria sartu eta jaso, aurrelarien arteko diki-daka eta Azketaren aukera paregabea zirt edo zart zerbait egiteko, baina pilotari behar bezela eman gabeko efektu baten ondoren aukerako pilota Labakarentzat, honek azpitik jotako efektuarekin txokoan luze baztertu eta Azketak ezin jaso. Hogeitabigarrena E.LABAKA-IRUSTA bikotearentzat eta haze nolako saltoa Enekok. Elkarri bostekoa eman eta exerlekuetara, pilotazaleen txalo zaparrada bero bat lagun zutela.
Nahiz eta huts batzuk egin ziren ondo lau pilotariak, eta bakoitzaren lana laburbilduz eta txapeldunetatik hasita:
Eneko Labakarena, ondo bezperan Antiguon finalaurrekoa jokatu eta irabazita zetorren Albizturtarra. 10 tanto aldekoak eta erabakiorrak ezkerrarekin pilota gurutzatuz zabalera egindako batzuk partidaren azken zatian. Irribarria-Labaka bikotearen kontrako partidan bezela, aurrelari bati dagokion ausardia erakutsiaz tantoa egiteko erantzunkizuna bere gain hartu eta aldapan gora jarri zitzaien norgehiagoka irabazteko gai izan zen atzelari on baten laguntzarekin. Esku eskubia nahi bezain ondo ez izan arren ere azken zatian begiak itxi eta pilotari gogotsu emanez atze koadroetara luzatzen jakin zuen pilota, Irustari lagundu eta Aizpuru behartzeko bide batez. Beti izanda pilotaria baina gorputzez ere osatzen nunbait eta gorako salto dezentea eman du bere jokoak.
Labakak ondo jokatu bazuen zer esanik ez bere bikote lagun Aitor Irustak. Aurre atzera asko ibiliaz atze koadroetako aginpidea berea izan zen zalantzarik gabe. Ezkerrez beti bezain ondo, bai sake zitalak ekarriaz bai pilotakada ederrak bidaliaz atzekaldera, baina eskubairekin ere, frontis erdian edo beheraxiago ohi bezela moztu eta baztertzeaz gain, ederki libratu zuen atzo pilota goiko losak bilatuz. Aurrekoadroetara txokoa zaintzera etorri eta aurkariak atzera luzatutako pilotentzako ere goitik beherako boleaz ikusgarri ematen dio pilotari. Ekarri gabeko 2 sake barruan direla 5 pilota galdu bazituen ere oso ondo ikusi genuen Munitibarko atzelari dotorea. Lan asko egitea tokatu zitzaion baina etzuen inungo kupirarik izan egin behar zena egiteko. Maila altua erakutsi du aurtengo txapelketan eta atzelaririk onena izanda zalantzarik gabe.
Galtzaileen aldetik eta aurrelariarengandik hasita esan dezagun, Beñat Azketak aurtengo txapelketan egin duen laugarren partidu bikaina izan zela atzokoa. 10 tanto egin zituen ohituak gauzkan era guzietara, baina besteez gain nabarmentzekoak eta aparteko graziarekin txalotuak izan ziren bi azpimarratu behar, bat 20garren tantoa eman zion aipaturiko goitik beherako bolea izugarriarekin egina, eta bigarrena Labakaren erasoko pilota gaizto bati ezker hormaren kontra eskua sartu eta zabalean txapa gainean ikutu eta emandako efektu bereziz hilda kontrakantxaren barrutik punpa egin eta 10garren tantora heltzera ahalbideratu ziona. Bikain Beasaindarra naiz eta galtzea tokatu eta tanto baten faltan txapela jantzi gabe geratu. Behin baino gehiagotan gogoratuko zaio behar bada 21na berdinduak zeudenean alperrik galdutako aukera. Egin duen txapelketaz jabetuz izango du bai aukerarik bere joku maila erakusteko beste txapelketa garrantzitsutan.
Eta azkenik Andoni Aizpururen lana aipatu behar, ondo baita ere Azpeitiko atzelaria. 7 pilota galdu zituen eta gehienak 8 eta 5 irabazten zihoazen garaian. Hiru sake eta beste pilota bat galduak berak santiamen batean, 8 eta 5 irabaztetik 10 eta 8 galtzera pasatuz. Irusta haundi bati egin behar izan zion aurre eta ondo bete zuen bere eginkizuna, asko ikututa zetozten pilotei ezker eskubiz gerria ondo sartu eta pilota frontiseko goiko losetan joaraziz aurrelariari kentzeaz gain 5garren koadro inguri horretan eginaraziaz botea berriro. Oso txapelketa ona egin du Azpeitiarrak, denbora luzean sufritutako eskuetako arazoak gainditu dituala dirudielarik zorionez. Pozten gera eta ea betiko, eta aurten bere onera etorritako, Aizpuru hau ikusteko moduan izaten garen izandako eskuko arazo horiek ahaztuta.
Ohiko sari banaketa egin ondoren pilotariei, oroigarri bat eman zitzaien baita ere aurten ZKEak omendu dituan Teodoro Azkue, Joseba Sasiain, Pedro Balenciaga eta Santos Salsamendi pilotari ohiei, denak batera agurtuak izan zirelarik Zestoako txistulari eta dantzarien aurreskuarekin exerlekuetako pilotazaleen txalo artean.
Txapelketari buruz egin genezaken balorazio azkar batean jakinerazi beharrekoa, ZKEaren poztasuna aurtengo txapelketak egin duen ibilbide eta eman dituen emaitzekin. Azken urte hauetan bezela pilotari asko pasa da Zestoako frontoitik, joku maila oneko norgehiagokak ikusteko aukera eman digutelarik hauek. Pilotarien partehartzea eta hauen jokuz pilotazaleak gozaaraztea izanik ZKEaren bi helburu nagusiak, esan genezake bete direla gure aurreikuspenak.
Eta hori horrela izanik arrazoi gehiago daukagu txapelketa ahalbideratu duten bitartekari guziak eskertzeko, hauexek bakarren bat aipa gabe utzi eta dagokion barkamen eskaera luzatuz:
· Partu hartu duten pilotari guziei, hauen pilota elkartetako ordezkariei nola ez, eta partidak kudeatu dituzten epaileei ere.
· Pilota partidak ikustera joandako pilotazaleei ondoren, dagokion eran portatu izanagatik pilotarien aurrean, errespetuz tratatu eta egindako jokoa txalotuz.
· Zestoako Udaletxe, Kiroldegi eta Pilota Elkarteari ere bai noski.
· Txapelketari jarraipen zintzoa egindako kazetariak nola utzi eskerrak eman gabe…
· Eta azkenik Zumaiako Udalari, txapelketaren sostengu ekonomiku garrantzitsuena izanik.
Besterik ez beraz, agur bat denoi eta hurrengo urterarte.
Zumaiako Kirol Elkartea.