Urtetan bertan jokatutako kaiolako txapelketa ospetsuan aritutakoak dira gaur egungo eskuzko gizonezko pilotaririk ezagunenak eta handia izan zen halaber LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP txapelketak Elgetan sortu zuten ikusmina. Frontoia pilotazalez bete zen goizeko lehen ordutik eta bertan aritutako 12 pilotariek bikain erantzun zioten sortutako arretari.
Egungo espezialista onenen lehen hartu-emana zen Elgetakoa txapelketarekin eta, hala ere, orokorrean oso partida borrokatu eta orekatuak suertatu ziren, nahiz eta kasu batzuetan markagailuak kontrakoa adierazten tematu.
Bereziki lehiatua suertatu zen hirugarren multzoa. Patri Espinar, Maite Ruiz de Larramendi eta Maddi Mendizabalen arteko partidak oso luzeak eta borrokatuak irten ziren eta ahalegin horrek izan zuen saririk, hirurek lortu zuten eta hilaren 25an Zallan egoteko txartela. Maddi Mendizabal hirugarren geratu zen, baina bera izan da multzo guztietako galtzaileen artean emaitzarik onenak lortu dituena.
Aipatzekoa baita ere Miren Larrarteren sailkapena eta erakutsitako maila. Bidaniko pilotaria E multzoan aritu zen Maider Mendizabal eta Leire Garairekin batera eta bere bi partidak irabazteaz gain, aurkariak desesperatzera ere heldu zen erakutsitako baliabideekin.
Ikusleen artean, Elgetako harmailan izan zen Carlota Albas, Aragoiko Pilota Federazioko presidentea.
Hurrengo kanporaketarako sailkatutako pilotariak
Olatz Arrizabalaga
Eneritz Arrieta
Leire Etxaniz
Olatz Ruiz de Larramendi
Maite Ruiz de Larramendi
Patri Espinar
Maddi Mendizabal (Errepeskatuta)
Maider Mendizabal
Miren Larrarte