Eneko Galarraga: «Profesional izatea ez da dena»

Galarraga Naroa Mtnez Suarez 

 Galarraga iazko GRAVNeko finalean Arg. Garazi Mtnez. Suarez

ENEKO GALARRAGA (Atzelaria)

1986-04-09, Orio (Gipuzkoa)

Kluba: Aurrera-Saiaz (Bidania)

Palmaresa:

 Llodioko azpi-txapeldun 2009 (Renobalesekin)

Euskadiko azpi-txapeldun 2009 (Renobalesekin)

Orioko txapeldun 2009-2010 (Onsalorekin)

Gipuzkoako txapeldun 2009 (Renobalesekin) – 2010(Onsalorekin)

Añorgako txapeldun 2009 (Azpirirekin)

Zaldibarko txapeldun 2009 (Onsalorekin)

Antiguoko azpi-txapeldun 2009 (Onsalorekin)

Berria txapeldun 2009 (Renobalesekin)

Berria azpi-txapeldun 2010 (Renobalesekin)

GRAVN 2009ko txapeldun (Renobalesekin)

DV 2009ko azpi-txapeldun (Eneko Yoldirekin)

Orio entzundakoan, arraunlariak etortzen zaizkigu burura. Historiadun arraunlariak. Dena den, bada beste motatako kirolaririk bertan. Horren isla argia Eneko Galarraga atzelari fina dugu. Hainbat kirol dastatu izan baditu ere, zalantzarik gabe pilotarekin gelditzen da, profesional izateko ametsa betetzen ez badu ere, afizionatu mailan jarraituko duelarik. Azken hilabeteotan bere berri izan dugu punta-puntako txapelketatan goi maila erakutsi duelako. Aitzakia hori probestuz, gurera ekarri dugu.

Azkenaldian, nahikoa ospe jaso duzu. Zergatik uste duzu izan daitekeela?

Partidu dezente irabazten ari naiz eta finaletara iristeak beti laguntzen du zutaz hitz egiteko.

Egia da azkenaldian txapelketa garrantzitsuetan ikusi zaitugula. Baina, aurretiazko lanik badago?

Bai, lan dezente dago. Gutirekin [Igor Gutierrez] (nire prestatzaile fisikoa) saio asko egin ditugu fisikoa eta teknika lantzeko. Horrez gain jana zaintzen hasi nintzen eta 12 kilo kentzeak beti laguntzen du. 

Hain entzunak ez diren, beste zein txapelketa eskuratu dituzu?

Orion egiten dugun txapelketa bi urtetan irabazi dut Onsalo lagun dudala, azkenekoa Lemuno eta Alberdiren aurka irabazi genuen. Añorgakoa ere irabazi nuen 2009an Azpirirekin, hau Lemuno eta Jauregiren aurka. 

Aipatzen genuen, aurretiazko lan bat egon ohi dela txapelak heldu aurretik. Zuk zerbait berezirik egin al duzu prestakuntza aldetik (prestakuntza fisikoa, elikadura…)? 

Astelehenetan Zarautzen egiten dugu fisiko lana, saltoak, korrika, pesak… Argote pilotaria eta Lizarralde erremontistarekin. Gero, aste guztiko tabla [ariketa saioak] bidaltzen dit Gutik eta herriko kiroldegian egiten dut. Pilotan normalean Tolosan entrenatzen dut, astelehen eta asteazkenetan klubeko beste pilotariekin. Gutirekin ere egin izan dut pilotan, teknika lantzeko. 

Zein txapel edo txapelketa gogoratzen duzu bereziki? Zeinez duzu oroimen politena? 

Burura etortzen zaidan lehena, anaiarekin irabazitakoa da Zarauzko Zaporra txapelketan [frontoi txikian jolasten den txapelketa]. Nik aurretik [aurrelari] jokatu nuen eta txapela irabazi genuen, 2008an uste dut. Anaiaren lehen txapela zen eta beregatik poztu nintzen gehien bat.  

Atzera begira jarriz gero, nola hasi zinen esku pilotan jolasten? 

Gure etxea frontoitik 5 metrotara dago eta txikitatik aitak pilotan jolastera eramaten gintuen. Pilotarako afizio handia du aitak eta herriko gazteekin ordu asko sartutakoak gara aita, anaia eta ni frontoiaren atzeko txokoan. Urte dezente pasa ziren berari irabazten hasi arte [barre egiten du]. Gero, anaia hasi zen Añorgako pilota elkartean, eta ni entrenamenduak ikustera joaten nintzen ia beti. Orduan, Matiasek (Añorgako arduradun ohia) esan zidan ea hasi nahi nuen eta animatu egin nintzen. Hortik aurrera partiduak jokatu eta hobetzen joan behar. Kadeteen azkeneko urtean, berriz, osabak [Luis Galarraga] esan zidan ea Tolosara joan nahi nuen, bera zen pilota elkartearen arduradun eta horrek asko lagundu zuen ni hara joateko.

Beste kirol edo modalitaterik probatu izan duzu?

Txikitan kirol gehienak egiten nituen, saskibaloia, eskubaloia, futbola, atletismoa… ondo moldatzen nintzen gehienetan. Infantila nintzela Orioko eskubaloiko entrenatzaile batek ea Eibarko Arrate eskubaloi taldera joan nahi nuen esan zidan, ikasketak ordainduko zizkidatela, eta hango ikasleen erresidentzi batean bizi eta entrenatzeko eskaintza egin zidaten. Arrauna ere probatu nuen, baina ez zidan grazia handirik egin, nahiz eta oso gustura ikusten dudan. Nik pilota nahiago nuen.

 Lesioren bat izan duzu noizbait? Nola bizi izan duzu? 

Lesio asko izan ditut, ia gorputz osoan. Batik bat, afizionatuetara (seniorretara) pasa nintzen urtean. Bi urte oso txarrak izan ziren, bat errekuperatzean bestea hautsi eta oso zaila zen honela pilotan hobetzea. Momentu horiek oso gorrak dira, ez dakizu ondo geratuko zaren, pilotan jokatzeko amorratzen zaude eta beti minez. Uzteko gogoa ere etortzen zaizu eta ez dakizu zer egin. Momentu horiek pasa dira eta ez daitezela bueltatu. 

Zer ikusi diozu pilotari horretan jarraitzeko? 

Oso dibertigarria da, denbora guztian pilotakada diferentea jotzen duzu eta joko alaia da. Nahiz eta pilotari bakoitzak egin behar duen lana eta ez den taldekoa, aldageletako giroa oso ona izaten da eta “katxondeo” handia egoten da normalean. 

Azken egunotan, pilotari askok debutatzen dutela jakin izan dugu (Merino II, Lemuno, Albisu…) -nagusienak 24 urte dituelarik- eta beste dezente kaleratzen dituzte (Esain, Lasa, Arbizu…) -40 urteetara iritsi gabe denak-. Zer deritzozu azken boladan dagoen joera horri buruz?

Azkenean pilota espektakulu bihurtu da eta jendeak pazientzia gutxi du pilotari askorekin. Denak Irujo, Olaizola eta Titin bezalakoak nahi dituzte eta hori ezinezkoa da. Pilotan beti egongo dira izarrak eta izarrak ez direnak, baina maila ona dutenak. Urtean behin joaten denak ez ditu ikusi nahi bigarren mailako horiek, baina pilota asko jarraitzen duenak gustura ikusten ditu partidu horiek, azkenean hortik irtengo baitira geroko izarrak. Eta kaleratuak diren gehienak oraindik gazte askori irabaziko diote baina enpresek erreleboa emateko zaharrenak edo hobetuko ez dutenak bota behar dituzte. Bestela orain baino krisi handiagoa egongo zen [barre egiten du].

Gazteak debutatzearena ez zait gaizki iruditzen, baina lehen egindako pilotariak debutatzen zuten eta orain profesionaletan egingo direlakoan debutatzen dituzte batzuk eta batzuetan ongi irtengo zaie, baina askotan gaizki. Afizionatu mailan asko jokatu gabe debutatzen dute eta horrek afizionatuen maila ere jaitsi duela iruditzen zait. Ni afizionatuetan egiten uztearen aldekoa naiz, pilotaria buruz eta jokoz hobeto iristen delako debutera.

Pilotan jolasteaz gain, mundu honen barruan beste zerbaitetan zabiltza? 

Bai, Orioko pilota elkartean nago eta herriko umeak entrenatzen ditut. Orioko frontoia ere nik zaindu eta garbitzen dut, beraz frontoian ordu dezente pasatzen ditut. 

Eta pilota mundutik kanpo, zein zaletasun dituzu? 

Kotxeak oso gustuko ditut eta karrera asko ikustera joaten naiz, anaiarekin. Motoak ere oso gustuko ditut. 

Gaur egun, ume eta gaztetxo gehienen helburua profesional izatea da. Zer esango zenieke horren inguruan? 

Saiatzeko hobetzen bakoitzaren maila, nahiz eta profesional mundura ez iritsi ahal den guztia egin bada bere buruarekin arro egotea badaukatelako. Profesionaletara oso gutxi igotzen dira eta bidean desilusio asko egoten dira, beraz ez badute debutatzen ere pilotan segitzeko esango nieke.

Zuk baduzu debutatzeko itxaropenik? 

 Oso zaila ikusten dut, entrenatzera ere ez didate deitzen eta. Gainera, orain lau pilotarik edo debutatzen dute eta badakit urtetan aurrera noala eta enpresei ez zaiela gustatzen 24 urtetik gorako pilotariak debutatzerik. Debutatzekotan azken urtea hau izango litzake, ea holako loteria tokatzen zaidan.

Pilotari bakoitzetik zer hartuko zenuke?

Aimar Olaizolarena, hankak, burua eta ezker gantxoa.

Irujorena, eskuin bolea, edozein posturatan jotzeko gaitasuna eta kreatibitatea.

Gonzalezena, ezker bolea.

Xalarena, partiduan lan zikina erraz egiteko gaitasuna.

Oinatz Bengoetxearena, hankak, sotamanoa, efektuak emateko erraztasuna eta gogorra dela.

Laskurainena, ezkerra azpiko posturan.

Belokirena, eskuina azpiko posturan.

Mikel Goñirena, besagaineko postura.

Zubietarena, indarra bi eskuetan.

Begino eta Axier Olaizolarena, eskuin eskuko indarra.

Barriolarena, profesionalitatea.

Titinena, lurretik pilota zailak emateko kapazitatea.

Paskualena, indarra.

LABURKI:

Pilotari bat: Aimar Olaizola aurrean, Ruben Beloki atzean.

Bikote bat: Tantoa bukatzen dakien edozein aurrelari.

Txapelketa bat: Antiguoko txapelketa.

Partidu bat: Zaldibarko semifinala Onsalorekin, Idoate eta Larrinagaren aurka, 22-11 irabazi genuen.

Frontoi bat: Beotibar.

Mania bat: Asko, baina bat esateko puntualtasuna esango nuke.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE