Gara
Bazirudien ezinezkoa izango zela EPB enpresaren eta Frantziako Federazioaren arteko akordiorik, baina azkenean adostu egin dira.
Akordio horrek hiru puntu garrantzitsu batzen ditu. Horietako lehendabizikoa babeslearena da. Horren arabera, Federazioak dituen babesleak Bakarkako eta Binakako txapelketetan erabiliko dira. Hortik aurrera, EPB enpresak bereak erabiliko ditu.
Bigarrengoa pilotariena da. Banakakoa eta Binakakoa EPB enpresaren eta Federazioaren artean antolatuko dute. Berak nahi dituen pilotariak fitxatuko ditu EPBk, orain arte bezala, nahiz eta lehiaketa ofizial hauetara aurkezteko, Federazioarekin hitzartu beharko duen zeinek jokatu eta zeinek ez. Beste enpresa profesionalen bat sortzen bada, hark ere bi lehiaketa ofizialetan parte hartu ahal izango du.
Hirugarren puntuan, berriz, argi eta garbi geratzen da Federazioak ez duela inongo eskumenik izango EPB enpresak bere zirkuituaren barruan antolatzen dituen lehiaketetan esku hartzeko. Horiek orain arte bezala jarraituko dute funtzionatzen.