Jai Alai News
Euskotren Winter Series, 2. finalerdia
ERIKA-MAIALEN vs ELAIA-NAROA: 15-7, 15-12
Leporaino bete da Durangoko Ezkurdi pilotalekua Euskotren Winter Serieseko bigarren finalerdian. Giro paregabea, goiko zein beheko harmailak bete-beteta eta emakume puntistak protagonista. Gaurkoan lau izen: Erika Mugartegi, Maialen Aldazabal, Elaia Gogenola eta Naroa Merino. Lehenengo biak iaz finalean izan ziren eta aurten ere han izango dira, gaurko partida 2-0 irabazi ostean. Bikote marroiak segurtasuna eta sendotasuna erakutsi ditu eta joko horri jarraiki bilatuko dute txapela. Bigarrena litzateke markinarrarentzat, lehenengo Berriatuko atzelariarentzat.
Lau pilotarietan Mugartegi da indartsuena. Gogor jotzen du pilota, errebesez zein eskuinez. Partidu bikaina jokatu du partidaren agintea hartuz. Hala ere, orekatua joan da lehenengo seta, seinako berdinketa arte. Tantu horretatik aurrera, 9-1eko partziala egin dute marroiek. Ikaragarria Maialen Aldazabalen partida ere. Ez du ia hutsik egiten, eta gero, aukera duenean, pilota gaiztoa jartzen die. Hala ere, jendeak asko eskertu du bikote horiaren ahalegina. Errematerako joera handia du Elaia Gogenolak, joko bizi eta azkarra transmititzen du eta pertsonalitate handia kantxa barruan. Hala ere, lehengo seta argi irabazi dute marroiek eta Mugartegik bukatu du jokoa txapa-gaineko eder batekin.
Bigarren jokoa lehenegoa baino estuagoa joan da. Merino tolosarra atzean seguru aritu da eta marroeik ez zuten lortzen markagailua haustea. Egoera horretan, tanto ederrak egin ditu Gogenolak, sahietsetik txokoan errematatuta. Txalo asko jaso ditu, baina asmatu ez duen erremateetan hor egon da Erika eta bikain aprobetxatu ditu Berriatukoak egindako opari horiek. Errebesez egindako hormabiko eder bat ere ikusi diogu markinarrari eta baita txapa-gainekoak ere. Partida emozioz beteta iritsi da azken txanpara. 11-11 berdindu ostean 13-11 jarri dira marroiak aurretik, Erikak sake errestoan egin du 13-12koa, bi pilota oso zail sartu ditu hurrengoan Naroa Merinok eta tantu garrantzitsu horretan falta eman dio epaileak Gogenolari, pilota bat ikutu duela adieraziz. Errepikapenean ezetz ikusi da baina epaileak halaxe adierazi du eta tantua marroientzat izan da, 14-12 eta partida 15-12 bukatu da.
Partida amaiera gazi-gozoa izan da baina merezitako garaipena lortu dute marroiek, lehen jokoan nagusi izan dira eta bigarrenean ere beti joan dira tanto pare bat aurretik, amaierako estu unera arte.
Final handia Helena Barrenetxea eta Arai Lejardiren kontra jokatuko dute. Sarrera batzuk geratzen dira oraindik salgai.
* Erkiaga garaile
Gizonezkoen Banakako Seriesean, 12-3 eta 12-5 gailendu da Aritz Erkiaga, Unai Lekerikaren aurka. Lehenengo jokoan, 10 tantu egin eta bakar bat galdu Ispasterkoak. Bigarrenean, publikoa altxatzea lortu du Lekerikak bi tantotan jarraian baina launakoaren ondoren ezin izan du Erkiagaren joko erauntsia geldiarazi. Johan Sorozabalen kontra jokatuko du finala, honek Laduche kanporatu baitzuen.
Datorren astelehenean, goraino beteko da beste behin Ezkurdi pilotalekua. Onenek irabaz dezatela!