ERKIAGA ETA GOIKO AURREZ AURRE FINALEAN


Eusko Label Winter Series

2. finalerdia

ERKIAGA-IBARLUZEA vs OLHARAN-DEL RIO: 15-11; 15-13

Winter Seriesak badu finala. Goikoetxea-Lekerika vs Erkiaga-Ibarluzea. Zumaiako pilotari handiak Ispasterko artistaren kontra jokatuko du bere ibilbideko azken partida. Hain zuzen ere, azken urteetan bere “koroa” hartu duen puntistaren aurka. Galdu ala irabazi, opari bat Iñakirentzat. Goiko eta Aritz, Aritz eta Goiko. Bi pilotari eta lagun haundi, Estatu Batuetan karrera egin, hango ziklo historikoa bukatuta, Euskal Herriko berpizte aroa gozatzen. Txapelketarik handieneko finalean jokatuko dute euren arteko azken lehia. Batak Lekerikarekin, eta besteak, gaurkoan partidu benetan ona egin duen Ibarluzearekin. Giroari dagokionez zer esan. Bi mila lagun kantuan, olatua egiten eta zesta-puntaz gozatzen. 

Argi hitz egin du Erkiagak partida amaieran. Ez da gustora geratu egin duen lanarekin. Langa goian jartzen du noski eta bikaintasunera iristen ez bada, ez da gustora gelditzen. Ibarluzeak aldiz, orain arteko partidarik onena jokatu du. Konfiantzaz beteta, seguru, erregular, pilota eskatuz eta zailak sartuz. Moral aldetik pausu oso garrantzitsua final handiari begira. Berdinduta hasi da partida. Bana, bina, hiruna, launa eta bosta egin dute. Erkiagarena izan da 6-5ekoa, pilota txik-txakera bidalita. Txulara bota du urrena (7-5) eta berdin egin du hurrengo tantoan Ion Ibarluzeak ere (8-5). Publikoa altxarazi du atzelari bizkaitarrak, lehen jokoko atsedenaldiaren atarian. Deskantsutik bueltan ere, “pantera arrosak” izan dira gehiago. Olharanek ezin zuen jokoan sartu eta Del Riok ez du eskumaz besteetan bezalako minik egin. 15-11 bukatu da seta, arrosek haizea fabore zutela. Pilota bakoitzarekin lau-bost tantu jokatu eta aldatzea izan da estrategia, berotzen utzi gabe.

Bigarren jokoa ere ondo hasi dute bizkaitarrek. Ibarluzeak egin du, txapa gainean, bat eta hutsekoa. Aritzek barruan sahietsez, 2-0. Ispasterkoarena izan da 4-2koa ere, zortzigarren kuadrotik errematatuta. Lau tantuko aldea ere hartu dute setaren hasiera honetan (7-3) baina garaipena eskuan zutela uste zutenean, konplikatu egin zaie arrosei finalerdia. Tantu onak egin ditu Olharanek (8-6, barruan; 9-7, hormabikoa) eta momentu garrantzitsu horretan, hiru huts egin ditu Aritz Erkiaga ispastertarrak. Goiko txapara lehenengo (9-9), kontrakantxara ondoren (9-10) eta hormabiko bat ere, suabe suabe, egurrera (12-12). Egindakoak ere izan ditu, besteak beste Del Rioren eskumari errebotetik bikain erantzun dionean. Jaiki altua eragin dio Aritzek, gasteiztarra lekuz kanpo harrapatuz. Tentsioa izan da azken unera arte. Urdinek desenpaterako aukera ikusi dute. Erkiaga ere ez zebilen oso fin baina… ispastertarrak ez du bere mailarik onenean jokatu beharrik, partidak irabazteko. 15-13 bukatu da azkenean, partida. Bi set eta huts. Lau partida jokatu eta laurak irabazi bizkaitarrek. Finalean izango dituzten aurkarien moduan. Txapelketako bi bikoterik onenak. Hutsik egin ez dutenak. Hasi kinielak egiten, 13 egun dituzue eta horretarako. Aurretik, ohorea egongo da jokoan. Hirugarren posturako lehia. Johan-Lopez eta Olharan-Del Rio.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE