Jai Alai News
ERKIAGA-GORKA vs LADUCHE-BASQUE: 15-13, 15-5
* Aritz Erkiaga eta Gorka Sorozabal gailendu dira Jai Alai Leaguen lehen edizioan
* Lehen seta oso parekatua izan da baina bigarrenean etsi egin dute Laduchek eta Basquek
* Erkiaga: «Gorkak bere onetatik atera ditu aurkariak. Niri lasaitasuna transmititzen dit. Atzelari segurua da eta gainera doai teknikoak ditu»
* Finala ETB 1ek eta Canal Plus France-k eman dute
* Deskantsurako astirik gabe, asteazkenean aurkeztuko da Winter Series txapelketa. Jai Alai Leagueko bigarren edizioari hasiera emango diona.
Bi belaunaldi txapel beraren azpian. Halaxe uztartu ditu Jai Alai Leaguek bere lehen edizioan. Batetik Aritz Erkiaga, dagoeneko urte luzez maila gorenean jokatzen ari dena. Demostratu beharreko guztia, demostratuta dauka. Bestetik Gorka Sorozabal. Bere lehen denboraldia da hau Euskal Herrian profesional mailan eta marka jarri du. Ligako azken fasera bigarren atzelari onena bezala sailkatuta lehenik (soilik Lopez izan da hobea) eta ondoren, Erkiagarekin titulua irabazita.
Durangoko Ezkurdi pilotalekua izan da horren lekuko. Berriztu eta inauguratu zutenetik zortzi hilabetera, zesta-puntaren plaza garrantzitsu izatera bueltatu da, denbora motzean. Bertan eman zuten erakustaldia, pasaden astean, Laduchek eta Basquek. Gaur lehen setean lehiatu dute, eta ondo. Baina behin hura galduta, amore eman dute. Ezinak jota jokatu dute bigarren seta. Atzean, harkaitza baino sendoago aurkitu dute Gorka Sorozabal biarriztar gaztea, eta aurrean, tantua amaitzeko erreztasun itzelarekin Erkiaga. Errematean maisua da Aritz, baina ikusi egin behar da nola botatzen duen errebesez pilota. Beti atzeko hormaren beheko aldera, eta gainera baztertuta. Erramate politenak besteko garrantzia dauka, Erkiagaren piloteoko errebesak.
Pozgarria da Durangoko Ezkurdin, hainbeste urte eta gero, halako betekadak ikustea. Hala esan die Goikoetxeak durangarrei, partida amaieran egin dioten agur-omenaldian. Bete egin da Ezkurdi Jai Alai League-ren final handia ikusteko, eta norgehiagoka oso parekatua izan da, bere lehen zatian. Bana, launa, zortzina eta hamarna berdindu dute. Urdinek abiadura eman nahi izan diote pilotari, horretarako material bizia aukeratuz. Hala ere oso seguru aritu da Gorka Sorozabal. Bere ezaugarri teknikoez gain, hori da bere doaia. Segurtasuna. Duen adina izanda gainera. Azken txanpan erabaki da lehen jokoa. Laduchek barruan goxo goxe utzi du lehenik (10-9), baina Erkiagak erreskan egindako bi tantuk eragin dituzte txalo zaparrada handienak. Errebotean ustekabeko horma-bikoa lehenik, errebesez (12-11) eta zabalean moztuta hurrengoa (13-11). Basquek pilota txulara bidali eta tantu batera jarri dira urdinak, baina ezin izan dituzte berriz gorriak harrapatu. 15-13.
Bigarren jokoan 6-1 aurreratu dira gorriak. Hormabikoak eta txapa gainean moztutako tantoak egin ditu Aritzek. Hori gutxi ez eta Laduchen sakeetara ere eroso sartu da, ondoren aurreko koadroetan amaituz. Partida erabakita egon da, baina finala bukatzea falta zen. Etsita eta burumakur izan arren, ahaleginean jarraitu dute Laduchek eta Basquek markagailuak 15 eta 5ekoa erakutsi duen arte.
Erkiaga eta Gorka Sorozabal dira beraz, Jai Alai Leagueko lehen irabazleak. Liga honetako txapelketetako bat ere elkarrekin irabaziak. Beraiek lortu zuten abuzutan, Donibane Lohizuneko Nazioartekoetako txapela. Gaurko sari banaketan izan dira Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko kirol zuzendariak eta liga hau sortu eta posible egin duten Eraman! enpresako eta Iparraldeko frontoietako ordezkariak.
Partidaren Euskal Telebista bidez ikusi dugu baina Canal Plus Francek ere eman du, frantziar estatu mailan, Jai Alai Leagueko finala. Pozgarria Iparraldeko eta Hegoaldeko profesionalak, kantxa kanpoan ere, elkarlanean ikustea.
*** Hauexek partida amaieran Aritz Erkiagak utzi dizkigun hitzak:
«Gorkak aurkariak onetik atera ditu gaur. Pilota guztiak sartzen izan ditu, lehenengo seta moralez gainezka bukatu dugu eta bigarren setean, eurek etsi egin dute»
«Gorkak lasaitasun handiz jokatzen du. Aurrelariari segurtasuna ematen dio. Atzean punpa gora (bote corrido) esku biekin joaten da ondo eta pilota egokia topatuz gero, gozatu egiten dut berarekin jokatzen»
«Lehenengo setaren bukaerak mina eman die eurei. Gero, pilota aldaketa ere izan da. Motelarekin lasaiago jokatzen dugu, ikusi dute ez genuela hutsunerik batez ere atzean eta amore eman dute»
«Eurek gu baino indar gehiago daukate, pilota biziarekin min gehiago egiten dute, «eskapada» duen pilota batekin mina egin digute eta guk pilota naturalagoa atera dugu eta lasaiago jokatu dugu»
«Ezkurdira egokitzen hasi gara. Horretarako entseguak egin behar dira. Pilotak ze efektu egiten dituen ikusi. Non jarri behar zaren une bakoitzean ikasi. Orduak sartuta lortzen da hori»
«Orain Winter Seriesa dator (asteazkenean aurkeztuko dute). Denak daude gogotsu. Urteko ekitaldi garrantzitsuena da eta denok gaude irabazteko gogoz»