* Aurreko asteko akatsak zuzenduta, garaipen garrantzitsua eta urrezko 4 puntu lortu dituzte bizkaitarrek.
* Partida gogor lehiatu arren, punturik gabe etxeratu da Iparraldeko bikotea.
* Ikaragarrizko giroa Gernikan: Errege eguna eta finalerdien hasiera. Iribarrek ere ez du partida galdu nahi izan!
Erkiagak eta Ibarluzeak aurreko asteko akatsak zuzendu dituzte. Finalerdiak hasi bezperetan galdu egin zuten Urrutia eta Basqueren aurka. Garai txarra bikotean zalantzak agertzeko. Gaur, errebantxa irabazi dute. Oraindik badute jokoan zer hobetu baina partida 2 eta 0 irabaztea OSO OSO garrantzitsua da. Finalerdietako ligaxkan lider jarri dira bizkaitarrak 4 puntu eskuratuta.
Lehenengo setean zein bigarrenean, Urrutia eta Basque iritsi dira aurretik azken txanpara. 13-11 eta 12-10. Baina joko bakoitzaren momentu garrantzitsuenean «pantera arrosak» izan dira nagusi 15-era arteko tantu guztiak erreskan lortuta.
Piloteo gogorrarekin hasi da neurketa. Partida bera bezala. Bi atzelariak hustu egin dira, errebesez eman eta eman. Lehen jokoaren hasieran hutsak nagusitu dira hala ere urduritasunak eta tentsioak eraginda. Urrutia eta Basque oso bikote fisikoa da. Erkiaga kentzera atera dira eta Ibarluzeari partida gogorra proposatzera. Aritzek ez du tantua amaitzeko aukera handirik aurkitu. Zabal-zabaletik egin du bat, lehenik pilota behartuta sartu eta ondoren, Urrutia preso zegoela ikusita, barruan moztuz (7-6) baina lehen atsedenaldira bikote morea iritsi ta aurretik (8-7). Zortzina eta bederatzina ere egin dute (10 berdinketa izan dira lehen jokoan guztira) eta arrosak aurretik jarri dira Erkiagaren sahietseko pilotakada eder batekin (9-10). Hamarnakoaren ondoren, sake errestoan egin du tanto Aritzek (10-11) baina hurrengo bi tantuetan ez du asmatu Ispasterkoak: erremate bat huts egin du eta hurrengoa Urrutiak harrapatu dio (13-11). Ibarluzeak ere huts batzuk egin ditu eta azken txanpa horretan bi tantuko aldea izan dute Urrutiak eta Basquek. Hala ere, moreek ez dute aprobetxatu. Errebote eder batekin berdindu du jokoa Aritzek (13-13), zortez egin du 14.a eta txapa gainean moztuz amaitu du jokoa. Aurretik, hori bai, Basquek pilota ikaragarri bat txik-txaketik eramanda (15-13).
Bigarren joko hasita, haizea Urrutia eta Basqueren alde jarri da. 6-2 aurreratu dira garaztarra eta Bidartekoa. Urrutiak hainbat erremate igarri dizkio Erkiagari tantua berak eginez. Atzean borroka gogorra eskeini digute Ibarluzeak eta Basquek. Bi errebes eder eta ezberdin. Markinarrak palanka gehiago sartuta, bidartarrak horizontalagoa eta biolentoa. Atsedenaldira 8-4 heldu dira moreak aurretik, 9-5 ere jarri dira baina orduna iritsi da arrosen erreakzioa. Lehenbizi 9-9 berdindu dute. Erkiagaz gain, Ibarluzeak ere egin ditu atzean tantoak. 10nakoa bikaina izan da: aurkaria erabat engainatu eta Aritzek txokoan goxo goxu utzi du. Iparraldeko bikotea bi tantu aurretik jarri da (12-10) baina bost sakeak agortu zaizkio orduan Urrutiari. Handik aurrerak, egindako pasa bakoitza, falta. Noren eta Erkiagaren aurka.
Beharbada, partidako tantorik gogorrena 12-11 joan direnean ikusi dugu. Piloteatua, borrokatua, meritu handiko saskiratzeak eta tantu luzea gainera. Azkenean, Ibarluzearen pilota bat zabalduz joan da, Basquek pasatzen utzi du kanpora zioalakoan baina barruan jaikia eman eta 12nako berdinketa iritsi da. Berdin da tantua nola amaitu den. Lau pilotariek eman duten erakustaldiak bi mila lagunen txalo zaparrada beroa eragin du. Frontoia lehertu da, eta Iparraldeko pilotariak ere bai. Dena eman ondoren, jokoa ihes egiten ikusi dute Thomasek eta Thibault-k. Etsipenez edo, azken hiru tantuak oparitu egin dituzte. Bata ezker paretean gora, beste txapapera eta azkena goiko txapara. Bestea gehiago izan denaren errekonozimendua. Besoak jeisteko modu bat.
Orain, Erkiagak eta Ibarluzeak atsedenaldia dute. Konfiantzaz beteta, jokoan ere bide onerutz, zer hobetua beti egon arren. Urrutiak eta Basquek ez dute atsedenerako tarte askorik. Datorren astean hil ala biziko partida dute, finalerdietako ligaxkako bigarrena. Aurkariak, Ludovic Laduche eta Mikel Mancisidor «Manci». Fisikoki, animalia hutsak. Gaurko partida gogorra izan bada, zer izan daiteke datorren astekoa? Zesta-zaleen inkestetetan, bi bikote horiek pare parean daude. Gehien asmatzen eta gutxien huts egiten duenak, hark irabaziko du. Winterreko finala dago jokoan.