GOITIA-DEL RIO vs AARON-MANZI: 15-14, 11-15, 3-5
BARANDIKA-LEKERIKA vs ERKIAGA-ZABALA: 15-13, 15-9
Munitibarko udal pilotalekuaren berriztapenak zesta jaialdi profesionala ekarri du Oiz mendiaren magalera. 50 metro luzeko kantxa ederra da, publikoa sartzeko edukiera nahiko mugatuarekin. 500 laguneko herria izanda, gainezka egon zen frontoia 300 lagun ingururekin.
Erkiaga eta Zabala Donibane Lohitzunen txapela irabazita iritsi ziren Munitibarrera, 24 orduko atsedenik ere izan gabe. Ezin izan zuten irabaz Barandika eta Lekerikaren kontra. Gernikarrak serio aritu ziren. Kontzentratuta eta hutsik egin gabe. Partidaren bigarren zatian behera egin zuten urdinek fisikoki eta garaipena Barandika eta Lekerikarentzat: 15-13, 15-9
Jaialdiko lehen partidan puntista gazteen txanda izan zen. Bi arabar, Julen del Rio eta Aaron Gonzalez de Matauko; gipuzkoar bat, Mikel Manzisidor; eta Alex Goitiandia bizkaitarra.
Partida bizia eta gora-beheratsua. Aaron eta Manzik partidari buelta eman eta garaipena lortu zuten: 15-14, 11-15, 3-5.
Jaialdiaren amaieran nahikoa lan izan zuten estelarreko puntistek aldageletara sartu zitzaien ume aldrari kamisetak eta zesta-puntako kaskoak sinatzen. Sasoi batean baziren puntistak Munitibarren, ea urte batzuk barru ume hauek kantxan ikusten ditugun.