JOHAN-BASQUE vs ERKIAGA-GORKA: 15-10, 11-15, 3-5
Giro itzela Donibane Lohizuneko Campos Berri pilotalekuan, 2.000 pilota-zaletik gora Nazioarteko Salamaren final handia ikusteko. Euskal Telebistako, Canal Pluseko eta Kanaldudeko kamerak, finala etxeetara telebistaz iristarazteko. JAI ALAI LEAGUE-ko lau proba nagusietatik hirugarrena, Gernikako Winter Seriesaren eta Biarritzeko Urrezko Xisteraren ondotik. Irailaren 7an ezagutuko dugu Paueko Koparen irabazlea.
Imanol Lopezen azken orduko bajak partida desorekatu zuen. Ustez. Ez zen hala izan. Zumaiarra aita izan berritan, Thibault Basque bidartarra sartu zen kantxara bera ordezkatzera. Iparraldeko denboraldiko bosgarren atzelari onena (finalerdietatik kanpo geratzen lehena). Atzokoan sufritu egin zuten Aritz Erkiaga, zesta-puntako izarrak eta Gorka Sorozabal gazteak. Azken hau bere lehen denboraldia ari da uda honetan osatzen eta maila oso ona erakutsi zuen atzokoan ere. Beste horrenbeste Johan bere anaiak eta Basquek berak ere. Erkiaga atera zen kantxara «hotzen» eta faboritoak atzetik aritu ziren partidaren zati handi batean.
Lehenengo setean gorriak ikusi genituen dominatzen, Aritz jokoan sartu ezinda eta sartzen zenean, asmatu ezinik. Johan ostera, errebesez indartsu, pilotari abiada ematen eta errematean ausart. Horma biko dotoreak bota zituen albotik. 15-10 lehen jokoa urdinentzat.
Bigarrenean ere Johan eta Basque hasi ziren hobeto jokatzen eta lau eta hutsekoarekin egoera konplikatzen hasi zitzaien Erkiaga eta Gorkari. Baina urdinek 8-8 berdintzea lortu eta pilota biziarekin, 11-15 irabazi zuten bigarren jokoa, desenpatea bultzatuz.
Azken joko honetan ere ez zen emozioa falta izan. Lehen tantua urdin, Erkiaga sakera sartu eta atzean bukatu (0-1). Gorriek berehala berdindu. Jokoan agintzen, Johanek errebotea indar handiz eta baztertuz, tanto (1-1). Urdinek berriz hartu zuten aurrea. Bi bikoteentzat aukerak baina Erkiagak txapa gainean moztu (1-2). Beste berdinketa bat. Pilotak frontisean bera egin eta Erkiagak ezin saskiratu (2-2). Gorriak lehendabizikoz aurretik. Basquek errebesez txula (3-2). Hirugarren berdinketa, bidartarraren hutsa (3-3). Urdinak aurretik. Aritzek atera, Basquek errebesez erantzun, bizkaitarrak pilota bilatu eta txapa gainean tanto (3-4). Azken tantua ere Ispastertarrak. Errebesez albotik, pilotari indar handia eman errebotean eta Johanek ezin eraman (3-5).
PARTIDAREN BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=vTNPgTacSsE
JAI ALAI LEAGUE 2023:
1- GERNIKA WINTER SERIES: Beaskoetxea-Lopez
2- BIARRITZ URREZKO XISTERA: Goikoetxea-Lopez
3- DONIBANE LOHIZUNEKO NAZIOARTEKOAK: Erkiaga-Gorka Sorozabal
4- PAUEKO KOPA: Irailaren 7an finala
5- DURANGO: Ligaren azken fasea rankingeko pilotari onenekin, urrian.
Info ofiziala: