Lekeitio, udako Master Seriesa (ez da Ligarako puntuagarria)
HELENA-MAIALEN vs IHART-ANE: 15-7, 15-7
ERKIAGA-MANCI vs LADUCHE-DEL RIO: 15-8, 15-14
Gozatu eta gozarazi. Hala izan da gaur Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan. Txapelketa ofizialetik kanpoko torneoa izanik (ez da Jai Alai League-rako puntuagarria), igartzen da eta eskertzen da joko alai eta ez hain kontserbadorea. Emakumeen partida eta gizonezkoen finala izan ditugu eta azken honetan, Erkiaga eta Manci gailendu dira. Gernikako txapelari Lekeition eman diote jarraibidea, leporaino betetako pilotalekuan. Partida bizi eta entretenigarria eta harmailetan, zaleen berotasuna eta «txispa».
Emakumeen partidarekin hasi da jaialdia. Ane Otaño mutrikuarra izan da berritasuna eta ezin izan du garaipena lortu gipuzkoarrak. Aurkariek, Helena Barrenetxea eta Maialen Aldazabalek, bikote sendoa osatu dute. Pitzadurarik gabekoa. Eta tantuak erreskan joan dira egiten. Lehenengo setean bezala, bigarrengoan ere. Markagailuan atzetik joan arren, Ihart Arakistainek jokaldi ederrak egin ditu, batez ere sahietseko posturan, hormabikoak botata. 15-7 eta 15-7, garaipena Helena eta Maialenentzat.
Master Seriesaren finala etorri da ondoren. Lehenengo tantua, izugarria, Jendea berehala pizten duten horietakoa. Aritzeko hormabikoa, Laduchek sarearen kontra ahal bezala eraman, Erkiagak txapa gainean moztu, Laduchek berriz eraman eta azkenean marroien tantua. Ederra hasiera!
Erkiagaren kontra jokatzea ez da erraza, batez ere aurrelarientzat. Baina markagailuan atzetiko joan arren (8-2 atsedenaldian), publikoak asko eskertu du Ludovic Laduchen ahalegina. Getariarra pilota guztietara doa. Hainbat erremate eraman ditu sarearen kontra. Bere burua lurreta bota du beste horrenbeste alditan. Bere burua erabat estutu du eta nahiz eta tantuak beste aldera joan, ahalegin handi horrek ikuskizuna goratzen eta publikoa gozarazten du. Hala ere, Aritzena, beste maila batekoa da. Era guztietara egin ditu tantoak eta hauetako bakoitza txalo zaparrada handi batekin erantzun dio Lekeitioko frontoiak.
Atzetik joan arren, Del Riok ere egin ditu bereak. Esaterako, eskuinez goitik behera egin duena 13-7koan. Set amaieran ere ahalegin du gasteiztarra. Hormabikoa ondo bota du baina Erkiaga justu justu iritsi, sarearen kontra nolabait eraman, baina suabe suabe, hormabikoa bota du berak ere, pilotari jaiki handia eman eta sarearen kontra bidaliz. 15-8, maisulan tenikoa!
Bigarren jokoan, bikote horia hasi da hobeto. 2-6 eta 3-8 aurreratu dira. Tantuetako bat, Laduchen bi paret eder bat. Partidaren momentu onena izan da. Pilota bizi, kantxan abiadura itzela, publikoa erabat animatuta eta apurka apurka, Erkiaga eta Manci behetik gora. 6-9, 8-10, 9-12, 10-13 eta 11-14 jarri dira. Ai! Desenpatea bertan baina Laduchek eta Del Riok ezin seta nahi bezala itxi. Mancik eskuinez bi tantu egin ditu eta marroiek hamalauna berdintzea lortu dute. Azken tantuan, Erkiagak atera, Del Riok eta Mancik piloteatu, gasteiztarrak errebotera bota eta azkenean, Aritzek, errebotetik pilota nahi zuen lekuan jarri du: sei kuadroan jaikia egin, Laduchi kendu eta Del Riok jauzi handia egin arren, gasteiztarra gainetik pasa.
Partida polita, entretenigarria eta gustagarria. Lekeition partida astuna ikustea oso zaila baita! Jendea oso gustora etxera eta hurrengorako zain!