Araba Euskaraz Master Series
Olabe pilotalekua, 19:00tan. FINALERDIAK
ERIKA-NAROA vs HELENA-MAIALEN
ERKIAGA-DEL RIO vs AARON-GORKA
Astebetean laugarren partidua jokatuko du Aritz Erkiagak. Ez gaude udan, udaberrian baino, baina Jai Alai Leagueko egutegia bete betea dago urte sasoi honetan ere. Zumaiako finala eta Donibane Lohitzuneko ligaxkako bi partidak irabazita, ispastertarrak amaiera ona eman nahi dio asteari Gasteizko Olabe pilotalekuan. Ligako rankingean lehena da, jokatutako partida guztiak irabazi baitut. Hamairutik hamairu.
Gaurko partidan, Aritzez gain, Gasteizko bi pilotariek izango dute protagonismoa. Julen Del Riok eta Aaron Gonzalez de Mataukok. Profesionalak ez daude ohituta Gasteizen jokatzera. Frontoi bizia da. 54 metro terdi ditu eta «eskapada» pixkat hartzen du pilotak. Efektu horietara ahalik eta azkarren ohitu beharko dute Erkiagak eta Gorka Sorozabalek. Erkiagaren esanetan «nola jokatu agindu behar digute Gorkari eta niri, Del Riok eta Aaronek». Hau da, gasteiztarren egitekoa izango da bakoitzak bere bikotekideari, Olaben komeni den jokoaren inguruan aholkuak ematea. Edozein kasutan, eta Erkiagaren momentua zein den ikusita, sorpresa litzateke Aaronek eta Gorkak irabazte. Bigarren finalerdian, datorren astekoan, Barandika-Lekerika eta Johan-Zabal neurtuko dira.
Emakumeen Masterrean ere, faboritorik egotekotan, Erika Mugartegi markinarra eta Naroa Merino tolosarra lirateke. Batez ere, Erikaren estatistikengatik. Winter Seriesa irabazi du eta baita Lekeitio eta Zumaiako desafioak ere. Helena Barrenetxea eta Maialen Aldazabal, Winterreko azpi-txapeldunak, arantza ateratzen saiatuko dira. Datorren asteko finalerdian Maite Ortiz de Mendibil-Arai Lejardi eta Elaia Gogenola-Frida Watkins neurtuko dira.