ERKIAGA-IBARLUZEA vs JOHAN-LÓPEZ: 15-6, 14-15, 5-3
Eusko Label Winter Series-2. jardunaldiaJai Alai League
Hiru puntu eta morala. Horixe da Erkiagak eta Ibarluzeak Gernikako Jai Alai pilotalekuan lortu dutena. Hiru puntu garrantzitsu B multzoko (ustez) bi bikote gogorrenen arteko lehian. Zesta-puntaren katedrala ia goraino bete da beste astelehen batez eta zutik jarrita agurtu dituzte lau pilotariak partidaren amaieran. Goi-mailako txapelketetan esperientzia askorik ez du Ibarluzea markinarrak eta partidari eutsiko ote zion, hori zen zalantza. Ba eutsi dio bai Ibarluzeak. Lehen jokoan sendoago, bigarrenean huts gehiagorekin baina orokorrean konfiantza hartzeko partida izan da bikote bizkaitarrarentzat. Puntuak ez bakarrik. Erkiagak partida ostean adierazi bezala, «morala» irabazi dutelako gaur.
Partida atarian faboritoago ziren horiak baina ez dute hasiera ona izan. 3-0 aurreratu dira bi bizkaitarrak. Bi huts Lopezek egindakoak eta Aritzen lehen aukeran, hormabikoa eta tanto. Ikuskizun I-KA-RA-GA-RRI-A eman du ispastertarrak lehen joko honetan. Arrosen 15 tantuetatik 9 berak egindakoak izan dira. Hauteako asko ederrak, baina batzuk, benetako harribitxiak. 5-2koa, bederatzi koadrotik botatako hormabikoa. 7-2koa, barrura sahietsez bikain. 10-2koa, bote laster eskumaz sartu eta goitik behera suabe-suabe txapa gainean utzita, mugimendu erabat harmonikoarekin. Atzean, eroso ibili da Ibarluzea set osoan huts bakarra eginda. Errebes ederra du eta postura aproposa dauka Gernikarako. Aurkariek ere, ez dute markinarra estutzerik lortu eta setaren amaiera aldera egin dituzte tantu apur gehienak. Lopezek txulara (11-3), Johanek moztuta (12-4) eta lapurtarraren beste tantu bat (13-5), aipatutako bi hauek Erkiagaren errematei emandako erantzunak. 15-6 bukatu da jokoa, ispastertarrak atzean bukatuta. Pilota bizi-zalea da Aritz baina motelagoaren alde egin du gaurkoan.
Sorpresa izan da lehen seteko emaitza. Ez arrosek irabazi izana. Baina bai, irabazi eta halako alde handiarekin egitea. Bigarrenean ostera, asko aldatu dira gauzak. Johan eta Lopez hobeto ibili dira, eta Erkiaga eta Ibarluzea, ez hain ondo. Aurrelari arrosak huts batzuk egin ditu jokoaren hasieran eta 2-4, 3-5 aurreratu dira Johan eta Lopez. Arrosek bosna berdintzea lortu dute eta aurretik jarri dira 6-5ean: tanto ona izan da. Erkiagak horma-bikoa bota, Johan iritsi, txapa gainean moztu, Ibarluzea atzetik aurrera etorri, pilota zaila sartu eta azkenean berak bukatu. Atsedenaldira 8-6 aurretik iritsi dira bizkaitarrak, markinako atzelariak zabalean egindako tantu baten ondoren. Baina setaren bigarren zatian, eta batez ere amaiera aldera, behartu gabeko hutsak egin ditu Ionek. Emozioz gainezka iritsi da partida azken txanpa honetara. 11-11, 12-12, 13-13 eta 14-14 berdindu dute. Bazirudien Erkiagak eta Ibarluzeak irabaziko zutela seta, agintzen egon baitira bigarren jokoaren azken tantuan. Baina defentsa ona erakutsi dute horiek. Johanek pilota oso zaila eraman du lehenik, Lopezek beste zail bat eraman eta Erkiagak ezin pilota xisteran sartu. 14-15 eta desenpatera.
Azken setean, zortea aldeko izan dute lehen bi tantuetan Erkiagak eta Ibarluzeak. Pilotak ezker hormako angulua jo, nahigabe zabaldu eta bi kasuetan barruan eman du jagia, horien desesperaziorako (2-0). Egoera zailari buelta eman diote, kalitate handiko jokua erakutsiz. Johanek errebesez horma-biko ona lehenik (2-1) eta jokaldi bera baina eskumaz ondoren (2-2), ondoren Lopezen tantu batekin aurretik jartzeko. Erkiaga preso geratu da eta zumaiarrak horma-bikoz amaitu du tantoa. Baina hortxe geratu dira horiak. Johanek, pasa guztiak gastatu ondoren, sakea atera eta ezin izan du Erkiaga gainetik pasa. Honek hormabikoa errematatu eta publikoaren aurrean azaleratu du barruan zeraman tentsio osoa (3-2). Markagailuan aurretik, Ibarluzeak lan ona egin dio hurrengo tantuan Aritzi, aurrean aukera sortu dio eta honek txapa-gainean moztuz aprobetxatu du (4-2), partida azkenik atzeko «txula»-n bukatzeko.
Gauzak honela, partida 2 set eta 1 bukatu denez, 3 puntu Erkiaga-Ibarluzearentzat eta puntu bat Johan eta Lopezentzak. Tantu-averagea, 10 tantukoa, batzuen aldeko eta besteen kontrarako. Johanek eta Lopezek beste bi partida dituzte, gaurko porrotari buelta emateko: Laduche eta Gorkaren aurka abenduaren 4an eta Arbe eta Manciren kontra abenduaren 18an.
Horren aurretik, Winter Serieseko 3. jardunaldia dugu. Alde batetik, Goitia eta Basque bikotearen estreinua, eta hauen parean aurrez aurre, Erik eta Minvielle. Azken hauek irabazi beharra daukate. Lehen jardunaldian ez zuten punturik erdietsi eta gainera, 13 tantuko desabantaila dute pilatuta.