Errebantxarako aukera

Olaizola II.ak eta Barriolak San Fermin Torneoko finala jokatuko dute gaur, Iruñeko Labriten (11:30)

IMANOL MAGRO / Berria
San Fermin eguna beti da berezia Labriten. Uztailaren zazpian Iruñeko pilotalekuak urteko egunik alaiena bizi ohi du. Harmailak jendez lepo betetzen dira eta frontoian giro eta bero izugarria egoten da. Pilotazale guztiak bat datoz San Fermin eguneko jaialdia feria guztiko politena dela esatean.

San Fermin egunez pilotak antzinako ordutegia berreskuratzen du. Jaialdia goizeko 11:30ean hasten da eta zaleak hamaiketakoa irentsi ondoren gerturatzen dira Labritera. Gehienek alkandora zuria daramate, eta denek zapi gorria lepoan. Pilota enpresek zaleen pilota gosea asetzen dute eta jaialdi ezin erakargarriagoa antolatzen dute egun handirako. Azken urteetan egin legez, aurten ere lau t’erdiko San Fermin Torneoko finala izango da jaialdiko estelarra. Aurtengo torneoak puntako finala izango du gainera, iazko lau t’erdiko txapelketa nagusiko bi finalistak elkarren aurka ariko baitira. Gaur, Abel Barriolak azken finaleko errebantxa hartzeko aukera izango du Aimar Olaizolaren aurka. Leitzarrak ez du lan erraza izango, aurrean lau t’erdiko eta buruz buruko txapelduna izango baitu. Olaizola da faboritoa, azken asteko sukarrak eta beherakoak bere joko maila nabarmen kaltetu duten arren. Gaurko bi finalistek oso ondo ezagutzen dute elkar. Lau aldiz neurtu dituzte indarrak ‘kaiolaren’ barnean, eta lauetan Aimar Olaizola nagusitu da. Elkarren aurka jokatu duten lau aldietatik bi, lau t’erdiko txapelketa nagusiko finalak izan dira. Iaz, Aimar Olaizolak 22-8 irabazi zuen. Elkarren aurka jokaturiko beste finalean, 2002koan hain zuzen, goizuetarra 22-13 gailendu zen.

Bi joko bolada desberdin San Fermin Torneoko finalera iristeko antzerako bidea egin behar izan badute ere, Olaizola II.a eta Barriola joko bolada oso desberdinetan murgilduta daude. Biek partida bakarra irabaztea nahikoa izan dute finalerako sailkatzeko. Olaizola II.ak arazorik gabe kanporatu zuen Oinatz Bengoetxea finalerdietan (22-5). Abel Barriolak, berriz, gogotik egin behar izan zuen lan Martinez Irujoren aurka (22-18). Dena den, eta biek bide laburra egin behar izanagatik, bi finalistak premia oso desberdinekin iritsi dira San Fermin egunera.

Buruz buruko txapeldun izan ondoren, Aimar Olaizolak moralez lepo ekin dio udako jaialdi andanari. Oporretako etenaldiak ez dio bere jokoari kalte egin eta orain arte jokaturiko partidetan izugarrizko maila eman du. Adibide garbiena San Fermin Torneoko finalerdia izan zen. Goizuetarrak erakustaldia eman zuen Labriten Bengoetxearen aurka. Gaurkoan, baina, litekeena da bere onena ematerik ez izatea. Olaizolak azken egunak gripeak jota pasa tu ditu, eta herenegun ondo zegoela nabarmendu zuen arren, gaixotasunak ez zion mesederik egingo.

Aimar Olaizola bolada gozoan badago, ezin da berdina esan Abel Barriolari buruz. Leitzarra burua ezin altxaturik dabil azkenaldian. Binakako txapelketan eskuko minaren erruz ez zuen bere onena ematerik izan. Buruz burukoan, aldiz, belauneko zurdetako lesio batek ez zion Sebastien Gonzalezen aurka jokatzen utzi. Azken asteetan Barriola ez da oso erregular ibili, eta partida onak oso eskasekin tartekatu ditu. Gaur irabaztea lortuko balu bultzada moral garrantzitsua litzateke leitzarrarentzat, eta maila onenera gerturatzean ari denaren seinale.

Bost txapeldun desberdin, azken bost aldietan Iazko aldiaz geroztik txapelketa ofiziala ez bada ere, EPELek antolatzen duen Nafarroako lau t’erdikoa da oihartzun gehien izaten duen torneoa. Oihartzun gehien izaten duena eta aldakorrena. Izan ere, azken bost aldietan bost txapeldun desberdin ezagutu baititu.

Duela bost urte, 2000 urteko finalean, Patxi Eugi eta Jorge Nagore aritu ziren nor baino nor gehiago. Ordukoan, Agoizkoak aise hartu zuen mendean Irurtzungoa (22-5). 2001ean Mikel Goñi izan zen txapelduna. Oronozko aurrelariak Karlos Armendariz hartu zuen mendean finalean (22-16). 2002an gaurko protagonistetako bat izan zen txapeldun. Abel Barriolak Patxi Eugiren aurka irabazi zuen (22-13). 2003an Barriolak ez zuen txapela bigarren urtez jarraian janzterik izan. Finalean ezustean Iñaki Esainen aurka galdu zuen (22-21). Duela bi urteko txapelketan Esainek joko maila izugarria erakutsi zuen. Burlatakoak, lesionaturik, ez zuen iaz bere txapela defendatzerik izan. 2004ko finalean Patxi Ruizek Martinez Irujoren aurka irabazi zuen (22-18).

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE