Martinez Irujok gogor kritikatu ditu San Fermin Torneoko finalean erabiliko dituzten pilotak
Ez da errebantxa, baina hala saldu dute. Saldu baino, kobratu, Irujok eta Olaizola II.ak bihar jokatuko duten lau t’erdiko San Fermin Torneoko finalerako kantxako sarrerak 70 euro balioko baitu. Pilota zale askok orain ulertuko zuten enpresek zergatik antolatuko duten elkarrekin sanferminetako feriako lehen jaialdia.
Final guztiek behar duten bezala, gainera, biharkoari ere ez zaio hika-mikarik faltako. Irujoren eta pilota aukeratzailearen arteko ezin ikusia ahaztuta zegoela zirudienean, Iberokoak Juan Mari Juaristiren lana kritikatu baitzuen atzo, pilota aukeraketan. «Hautatzaileak eginiko lana ez zait batere gustatu, Cipriren pilotei boikota egiten die. Nik apur bat gehiago ibil zitezkeen pilotak nahi nituen». Irujok zehaztu zuenez eta «besterik ez zegoelako», bereak eta Olaizolarenak antzeko pilotak dira. Irujok 105,4 eta 104 gramoko pilotak hautatu zituen; Olaizolak, aldiz, astunagoak, 104,7 eta 106,2 gramokoak.