Final-laurdenetako azken kanporaketa hartu zuen Andoaingo Arrateko pilotalekuak, eta etxeko taldeak ezer gutxi egin ahal izan zuen Doneztebeko Erreka iazko txapeldunaren aurrean. Beste behin, nafarrek erakutsi zuten talde oso ona dutela, eta gazte eta nagusi mailetako puntuei esker, finalerdietan izango da. Ondorengoak izan ziren emaitzak.
GAZTELEKU (ANDOAIN) 1 ERREKA (DONEZTEBE) 2
Kadeteak : Artola – Mujika 22-15 Loiarte – Agirre
Gazteak : Osa – Elizegi 8-22 Salaberria – Mariezkurrena
Nagusiak : Eskudero – Aizpuru 12-22 Onsalo – Gorriti
Ordu eta hamar minutuko partida jokatu zuten kadeteek jaialdiko lehenean. Lau pilotariak sendotasun handikoak izaki, oreka eta gogortasuna aurreikusten zen, eta pronostikoek ez zuten hutsik egin. Andoaingo Artolak eta Mujikak hobeto ekin zioten lehiari, eta abantaila hori erabakigarri gertatu zen gerora: 5-0, 10-4 eta 16-12. Mujikak lan bikaina egin zuen atzean pilota gutxi galduta, eta Artola ere ondo aritu zen tantoa bukatzen. Hori bai, partidak aurrera egin ahala behetik gora egin zuen Loiartek, eta partida asko estutu zen. Agirre ez zen distiratsu aritu tantoa bukatzen, baina inork baino abiadura gehiago eman zion pilotari. Hortaz, 16-14 gerturatu ziren nafarrak. Hori bai, azken txanpa hobea eginda, lehen puntua Gaztelekuk lortu zuen.
Gazteen arteko partidak ez zuen oreka eta berdintasun bera eduki. Salaberria eta Mariezkurrena faborito ziren, maila horretako bikoterik onena izaki, eta gainera are faboritoago bihurtu ziren Elizegiren egoera ikusita. Lepoko eta eskuko min handiz jokatu behar izan zuen atzelariak, eta ezinean aritu zen. Osa ahalegindu zen laguntzen, baina salduta egon zen une oro. Salaberriak atzera jokatu zuen, eta Mariezkurrenaren babes handiarekin, kanporaketa berdinduta utzi zuten.
Gauzak hala, nagusien arteko partidak erabakiko zukeen guztia. Esperientzia handikoak dira Onsalo eta Gorriti, eta haiek ziren faborito. Gainera, 5-1 eta 8-4 aurreratu ziren markagailuan. Aizpuruk behetik gora egin zuen gero, Eskudero ere asmatzen hasi zen tantoa bukatzen, eta partida asko gogortuta, 9na eta 10na egon zen markagailua. Hortik aurrera Onsalok min handia egin zuen sakearen bitartez, eta Gorritiren sendotasuna baliatuta, 22-12 irabazi zuten nafarrek.