Eskailera banakakora itzuli da

Bi asteburu barru hasiko da EPELen Eskuz Banakako Txapelketa, eta partida guztiak kanporaketak direla da berritasun nagusia

IMANOL MAGRO / Berria

Azken bi urteetan finalerdietako ligaxkak emaniko arazoak aztertu ondoren, EPELek txapelketa sistema klasikoa berreskuratzea erabaki du aurtengo Banakako Txapelketarako. Bi urte geroago, finalerainoko eskailera sistema buruz buruko txapelketara itzuliko da. Kanporaketa sistemaren aldaketa da, atzo eguerdian aurkeztu zen aurtengo txapelketaren berritasun nagusia.

Azkeen urteetan ohikoa den legez aurkezpen ekitaldia BBKk Bilboko Kale Nagusian duen egoitzan egin zen. Bertan, kazetariez eta enpresetako ordezkariez gain, txapelketan parte hartuko duten ia pilotari guztiak elkartu ziren. Fernando Goñi izan zen gerturatu ez zen bakarra. Binakako txapeldunak emaztea haurdun du eta atzo medikuarengana lagundu behar izan zion. Pilotariez gain, buruz buruko hiru txapedun ohi gonbidatu zituen EPELek. Iñaki Gorostizak, Jesus Garcia Ariñok eta Arriaran II.ak izan zuten zozketako bolatxoak aukeratzearen ardura.Aurtengo berritasun bakarra izango ez bada ere, txapelketa sistemaren aldaketa izan zen aurkezpeneko mintzagai nagusia. Enpresetako ordezkariei aldaketaren zergatiei buruz galdetu zitzaienean, Aspeko gerente Patxi Mutiloak eman zituen argibideak. «Sistema aldaketa EPELen kirol batzordearen erabakia izan da. Txapelketa orekatuagoa eta erakargarriagoa bilatu dugu, bizirik mantenduko dena. Horretarako ligaxka kentzea eta 2002ko sitemara itzultzea erabaki dugu». Iritzia eman zuten pilotariek ere, sistema berria nahiago zutela nabarmendu zuten. Behingoz denak ados pilota munduan.

Txapeldunen multzoa

Aurtengo txapelketan 20 pilotarik hartuko dute parte, hamar enpresa bakoitzeko. Txapelketa bi asteburu barru hasiko da, apirilaren 3an eta 4an, eta maiatzaren 29ra arte luzatuko da.

Pilotariak lau multzotan banaturik ariko dira eta multzoak ez dira finalerdietara arte gurutzatuko. Iazko finalerdietako partaideak multzo bakoitzeko zerrenda buruak izango dira. Beste pilotariak iazko sailkapenaren arabera kokatu dituzte, Oinatz Bengoetxea izan ezik. Enpresa bakoi- tzak bi zerrendaburu hautatu ditu lehen kanporaketerako eta beste enpresako pilotarien aurka jokatuko du. Lehen partidak eta pilotari bakoitzari dagokion multzoa zozketa bidez aukeratu dituzte.Zozketa atzo egin zen, aurkezpen ekitaldian. Hiru txapeldun ohiek txapelketaren koadroa eratu zuten bolatxoak atera zituzten. Lau t’erdiko txapelketan gertatu bezala Juantxo Kokarena izan zen irten zen lehen izena. Altzakoak Aritz Berraondoren aurka jokatuko du. Lehen kanporaketako partidetatik Imanol Agirre eta Enrike Galarza elkartu zituenak harrotu zuen hauts gehien. Pilotarien multzotik, norbaitek, «berriz!» esan zuen ozen. Baraibarkoak eta Arteakoak lau t’erdiko azken hiru txapelketetan elkarren aurka jokatu dute. Aurten, Manomanistan ere indarrak neurtuko dituzte. Bi pilotariek pilotaleku osoan elkarren aurka jokatuko duten lehen aldia izango da, hala ere. Zozketa bukatu zenean, ostera, B multzoaren konposaketa izan zen zurrumurru gehien eragin zuena. Buruz buruko hiru txapeldun ohik bat egin dute multzo berean. Goñi III.ak edo Kepa Peñagarikanok, Ruben Beloki, Patxi Ruiz eta Patxi Eugi aurkituko dituzte finalerako bidean. Azken hirurak txapeldun ohiak.

3. eta 4. posturako partidak garrantzia izango du

Sistemaz gain, aurtengo buruz burukoak beste berritasun batzuk izango ditu. Aurten 3. eta 4. postuak erabakiko dituen partida jokatuko da. Partida horrek garrantzia izango du hurrengo urteetako sailkapena eratzeko garaian. Honetaz gain, lesioren bat dela-eta finaleko partaideetako batek finala jokatzerik izango ez balu, partida horretako irabazleak ordezkatuko luke.

EPELek atzerapenen aurkako zorroztasunari eutsiko dio eta ezingo da atzerapenik eskatu finalaren aurretik. Pilotari batek partidaren bat jokatzerik izango ez balu, bere aurkaria zuzenean sailkatuko litzateke. Finalistetako batek finala bere egunean jokatzerik ez balu, EPELeko epailearen ebazpenak erabakiko du noiz eta nortzuk jokatuko duten. Kirol berritasunetan, berriz, aurten iaz parte hartu ez zuten hiru pilotari daude: Ruben Beloki, Aritz Berraondo eta Enrike Galarza, azken hori da debutari bakarra. Azpimarratzekoa da ere, Oinatz Bengoetxearen maila igoera. Iaz lehen fasean kanporatua izan ondoren, aurten bigarrenan hasiko baita.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE