Eskuz Banakako finaletik amerikara

Martinez Irujo eta Xala Eskuz Binaka elkarren aurka arituko dira ekainaren 25an, Urrestillan

Berria

Urrunak dira jada finaleko zalapartak, txapelketen erritmo bizi eta tentsioa alde batera gelditu da eta pilotari guztiak udako festibaletan jarriak dituzte euren begiradak. Dena den Eskuz Banakako txapelketan azkenera arte iraun duten bi protagonistek aste bateko oporraldia gozatu ahal izango dute lanera bueltatu aurretik.

Komunikabideei zehaztu dienez, egungo Eskuz Banakako txapeldunak Karibe aldeko hondartza eta giro epelak hautatu ditu udan jasan beharko duen torneoz torneoko erritmo latzaren bezperetan erlaxatu ahal izateko. Martinez Irujo iragan astelehenean irten zen Madrilgo Barajas aireportutik Dominikar Errepublikarako bidean; izan ere, Iberoko aurrelariak zehaztu zuenaren arabera, Punta Canako bost izarreko hotel bat hautatu du egun horiek igarotzeko. Bertan, Gemma bere neskalaguna izango du bidaide. Xalak bere aldetik, finaleko etsipenaren ostean Kaliforniarako hegaldia hartuko du aste hau igarotzeko. Bertan bere entrenatzaile eta aholkulari Pampi Ladutxe izango du lagun, hala Ladutxeren semearen ezkontzan egon ahal izango dira biak ala biak. Nolanahi ere, aste honetan ez da dena atsekabea izan Ives Salaberriren bizitzan, izan ere Lekuineko udaletxeak herriko pilotalekuari Xala izena jartzea erabaki duela jakin du aste honetan aurrelari lapurtarrak. Gai berean esan beharra dago Lekuinen trinketerik ezean izena aldatuko duen pilotalekua ezker paretekoa dela.Bestalde, hainbat komunikabidek Martinez Irujok txapeldunaren kamiseta gorria Eibarko San Juan torneoan estreinatuko zuela esan bazuten ere, azkenean ziurtatu denez, txapeldun berriak Urrestillan (Gipuzkoa) egingo du opor osteko bere lehen agerpena. Bertan, iragan igandeko beste finalista, Xala alegia, izango du aurkari. Atzelariak zeintzuk izango diren oraindik zehaztu ez bada ere, biek ala biek Eskuz Binakako partida batean neurtuko dituzte indarrak.

Dopinaren aurkako kontrola pasatu zuten
Finalaren bezperan susmo gisa ageri zena errealitate bihurtu zen igandean, bi finalistek dopinaren aurkako kontrola pasatu behar izan zuten. Finala bukatu bezain laister, Juan Martinez Irujok eta Ives Salaberrik 80 mililitro gernu eman behar izan zituzten analisiak egin ahal izateko. Partidak eragin zuen deshidratazioa zela eta, bi pilotariek gorriak ikusi zituzten potetxoa bete ahal izateko; Irujok ordubete eta hainbat garargardo behar izan zituen eskaera betetzeko.

Bi pilotarien gernua Bartzelonako Mediku Azterketarako Udal Institura bidali dute EPEleko zerbitzu medikuek. Igandekoa orain arte EPELek egin dako estreinako proba izan zen, baina ez azkena. Izan ere, urte honetan beste sei froga aleatorio egingo baitituzte pilotarien artean. Gogoratu beharra dago pilotariek dopinaren aurkako araudia onartu zutela, eta bertan kirolariek Kirol Batzorde Gorenak dopin eragile gisa izendaturiko sustantzien galarazpena onartu zuten.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE