Esnatu dira

Xalak eta Lasa III.ak sailkatze multzoko azken postura bidali dituzte Olaizola II.a eta Otxandorena

IMANOL MAGRO / Berria

Xala eta Lasa III.ak irabazi zuten, atzo, aurtengo Binakako Txapelketako lehen partida. Labritekoa, ordea, garaipen hutsa baino gehiago izan zen. Biek beren buruari jokatzen ez zaiela ahaztu gogoratu ziotelako, eta multzoko faboritoak sailkapeneko azken postura bidali zituztelako.

Olaizola II.ak eta Otxandorenak, berriz, ez zuten ohi bezala jardun. Gustuko materiala kantxaratzean, Lasa estutzea lortu zuten. Urdinek pilota biziak atera zituztenean, ordea, kantxa erdiko piloteoan ito ziren.

Aurrelariak ondo aritu ziren. Xalak azken txanpan erabaki zuen partida; Lekuinekoak dena egin zuen ondo: gantxoak, atzean jotakoak eta, batez ere, sakeak. Aimar Olaizola, berriz, ondo aritu zen erasoan. Defentsan, ostera, ez zuen ezer egiterik izan Xalaren aireko jokoaren aurka. Atzean, Lasa III.a Iñaki Otxandorena baino gehiago izan zen. Txapelketetan erakusten duen grina berezia zuen atzo Etxarrikoak. Atzean, dena jaso zuen; aurrean, primeran estali zituen txokoa eta kontrakantxa. Lauretan okerrenik Otxandorena aritu zen. Urdinek gustuko materiala atera zutenean, ez zuen batere gozatu, eta Olaizola guztiz salduta utzi zuen. Partidaren hasieran, materialak sekulako garrantzia izan zuen. Gustuko pilota aukeratzen zuen bikoteak tanto errenkada egitea lortu baitzuen. 15na adostu aurretik, bi bikoteak egon ziren aurretik markagailuan. Azken tantoetan, baina, Xalak partidaz jabetzea erabaki zuen. Hondarreko bost tantoak berak erabaki zituen (17-17tik 22-17ra). Azken biak saketik egin zituen.

AIMAR-OTXANDORENA 22

XALA-LASA III.A 17

Iraupena: 80 minutu.

Pilotakadak: 707.

Saketik: Olaizolak 2 eta Xalak 6.Markagailua: 1-1, 2-2, 3-3, 3-8, 4-8, 4-10, 13-10, 13-13, 15-13, 15-15, 16-16, 17-17, eta 17-22.

Bestelakoak: Binakako Txapelketako sailkatze faseko partida. Iruñeko Labrit pilotalekua lepo bete zen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE