Eugiren porrotik gozoena

Bi hilabete jokatu gabe eman ostean, Agoizkoa iragan igandez bueltatu zen kantxetara Legazpin

IMANOL MAGRO / Berria

Ekainaren 23an eskuan ebakuntza egin ziotenetik partidarik jokatu gabea zen Agoizko pilotaria. Kirofanotik pasatu zenean, oraindik bizirik zegoen pilotazaleen oroimenean Xalaren aurkako buruz buruko txapelketako finalerdian emaniko ikuskizun tamalgarria. Egun, aurrekoak ahaztuta daude jada, Eugik atzean utzi du erreabilitazio epea eta ekin dio jokatzeari. Lehen partida, iragan igandean jokatu zuen, Legazpin. Galdu bazuen ere, partida bukaeran «pozik» zegoela onartu zuen.

Atzera begira jarrita, uda osoan jokatu gabe egotea gogorra egin zaiola onartu du Agoizkoak, «hilabete oso politak direlako, eta ni joko maila oso altuan iristen nintzelako». Dena den ebakuntzak eta errekuperazio epe luzeak ez diote iazko denboraldi arrakastatsua ahaztarazi, «niretzat gogorrena iazko buruz burukoa bertan behera utzi beharra izan zen». Eugik «arazorik gabe» egin die aurre errekuperazio lan eta epeari. Ebakuntza osteko lehen hilabetean pilota ikutu gabe egon behar izan zen, orbaina itxi arte zain. «Eskua hobera doala ikustean, eta burua berriro frontoian duzunez, erraz pasatzen da denbora».Halere, orbaina itxi bezain laister, pilotaleku saioak hasi zituen agoiztarrak. Abuztuaren lehenean hasi zituen entrenamenduak, hasiera baten fisikoa eta gero pilotalekuan. Lehen egunetan trapuzko pilota goxuarekin, gutxika-gutxika saioetako materiala gogortuz. Itzulera partida aurretiko azken hogei egunetan taxuzko entrenamenduak egin zituen Jokin Etxanizen laguntzarekin. Eugik bi hitzetan laburtu du abuztua: « Lan eta pilotaleku ordu asko izan dira».

Itzulera ona eta lau t’erdikoan gogoa
Partida galdu bazuen ere itzulera ona izan zuen Eugik, «19-17 aurretik izan ondoren lastima izan zen galtzea». Hasieran beldur pixkat izan bazuen ere, bukaeran «oso eroso» astindu ziola eta bere burua uste baino hobeto ikusi zuela onartu du. Ez da harritzekoa, bi pilota errebotera bidali baitzituen.

Lehen probak sentsazio onak utzi bazizkion ere, Eugik badaki oraindik ere beldurrei aurre egin behar diela, «aurreko lesioetan berdin pasatu zait, burua eta jokoa ez baitira batera sendatzen». Gainera, onartu duenez bere besoari partida luzeegia egin zitzaion, «azken txanpara leher eginda iritsi nintzen, oraindik erritmoa hartzea falta zait».Aurrera begira, Eugik sanmateotako jaialdietan jokatuko dituen partidak nabarmentzen ditu, berak ez baitzuen torneoan sartzeko itxaropenik. «Torneoa jokatzea ezinezkoa zen, gainera ni ez nago torneo bat jokatzeko moduan». Horrez gain, bere enpresako aurrelarien mailarekin sartzea are eta zailagoa dela goraipatu du, «torneoetako lekua pilotalekuan irabazi beharra dago».Halere Eugik ez du ezkutatzen zein izango duen lehen helburua: «Udan lan fisiko oso gogorra egin dut, nire ilusioa lau t’erdiko txapelketara sasoi hoberenan iristea baita».

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE