Partida zorrotza pilotari gazteentzat. Arg.: Garazi Mtnez. Suarez
Euria kalean…
Naroa Mtnez. Suarez
Giroa ez da oso beroa izan, jende askorik ez baita egon frontoian, nahiz eta txapelketa eta debuta eskaintzen ziguten partida berean. Beharbada, Euskal Herriko zonalde gehienetan bezala, Tolosan ere euri zaparradak botatzen egon delako.
Lemunok ezin izan du debuteko partida irabazi, 21-16 irabazten joan ondoren. Partida nahiko berezia izan da. Hasieran, debutaria baino, Aritz Lasa zegoen urdurien. Partidari dagokionez, gauza handirik ez dago komentatzeko. Gora-behera askotxo izan ditu eta binako berdinketatik aurrera, iparraldeko pilotaria aurretik joan da beti, azkeneko emaitzara arte.
Emaitza honekin, txapelketako B taldean Aritz Lasa dago lehenengo, Lemuno bigarren, Urrutikoetxea hirugarren eta Berasaluze IX.a azkeneko.
Lemuno airez. Arg.: Garazi Mtnez. Suarez
… airea frontoian.
Esan bezala, partida deigarria izan da. Lehen lehenik, Asegarceren iparraldeko ordezkari bakarraren debuta izan dugu gaurkoa, baina pilotaria ez da urduri agertu inolako momentutan. Berezia suertatzen zen sakea egiterakoan plazaratzen zuen lasaitasuna: poliki-poliki lauko marrara hurbildu, momenturo aurkariari begirik kendu gabe.
Bestetik, hasiberriaren joko mota gutxienez harrigarria gertatu zaie sekula ikusita ez zutenei. Botera hiruzpalau sake baino ez ditu itxaron. Beste denak, koadroak aurreratu eta edozein posturatan joan da errestora. Batzuetan erasora pasaz, bestetan tantoa entregatuz; baina bere joko erari leial. Aipagarriak izan dira bosgarren koadro ingurutik bota duen bi-pareta eta ezker gantxoz egindako tanto parea.
Aurrerantzean zeresan handia emango duen pilotaria izango dela dirudi. Horretarako botea landu eta tentsio puntu bat gehiago izanik, edozeini lan handiak emateko gai ikusten dut.