Pablo Berasaluzek igandean jokatuko du Genovesen aurka banaka
Gara
Asteburu honetan, Valentziako Nazaret frontoian pilotari euskaldun eta valentziarren arteko norgehiagoka interesgarri bat jokatuko dute Valentzia Hiria Openaren barruan. Hiru partida izango dituzte asteburuan: profesionalen arteko binakakoa, gaur arratseko zazpietan; bihar, afizionatuen artekoa; eta igandean, profesionalen arteko buruz burukoa. Teniseko Davis Kopan bezala, garaipen bakoitzak puntu bat balioko du eta bi lortzen dituenak eramango du torneoa.
Lehiaketa horretarako, euskaldunek fitxatze bat egin dute; izan ere, Pablo Berasaluzerekin batera, Fernando Medina mexikarrak jokatuko baitu. Mexikarra ondo molda daiteke halako partida berezietara, Mexikon bizi zela, pilota apustuetatik ateratzen baitzuen bizitza aurrera. Taldeko afizionatuak Aurtenetxe eta Parro izango dira. Valentziarren artean, Waldo eta Sarasol II.ak jokatuko dute profesionalen binakako partida, eta Genoves II.a Genoves handiaren semeak jokatuko du buruz buru Berasaluzeren aurkako banakako partida, igandean.
Partida bereziak
Herrialde bakoitzean jokatzen dituzten moldeen artean desberdintasun handiegirik egon ez dadin, tarteko bide bat hartuko dute indarrak orekatzeko asmoz. Materialari dagokionez, valentziarrek normalean 50 gramo inguruko pilotekin jokatzen dute, eta hemengoak 105 inguruan ibiltzen dira. Hartara, 60-70 ingurukoekin jokatuko dute. Pilotalekuari dagokionez, Euskal Herrikoak baino frontoi motzagoetan aritzen dira valentziarrak, eta hor ere erdiko bidetik jo dute; 27×9 metroko jokalekuan arituko dira. Neurri eta material horiekin, euskal pilotazaleak ohituta dauden baino errebote gehiago izango dira. Hor valentziarrek abantaila izango dute, ohituagoak baitaude pilota atzeko hormatik eramaten, escala i corda edo raspall moldeetan sarri erabiltzen baitute errebotea.
Kokaren aurkako Lau eta Erdiko Txapelketaren sarrerako partidan ezker eskua minduta amaitu bazuen ere, Pablo Berasaluze atzo txapelketaren aurkezpenean izan zen, eta pozik agertu zen jokatzeko aukerarekin. «Pilota hauetara ondo moldatzen naizela uste dut. Alvarorekin Euskal Herrian entrenatu izan naiz, eta gustura aritu izan naiz», azaldu zuen.
Buruz burukoari dagokionez, honako hau adierazi zuen: «Genoves II.a ezagutzen dut. Iurretan frontoian ikusi nuen eta escala i corda-n jokatzen bideoetan ere ikusi izan dut. Oso pilotari ona da eta gure antzera aritzen da. Bi eskuekin gogor astintzen du pilota; abiadura handiz, gainera». Waldo valentziarrak adierazi zuen txapelketak bi herriak batzeko balio duela eta jokatzea beretzat ohore bat dela.