EUSKO LABEL WINTER SERIES: «PRO-AM»-EKO TXAPELDUNEN DEBUTA

Jai Alai News

* Azaroak 14, astelehena

* Gernika Jai Alai, 19:30tan

* ETB 1en 22:30tan

* OLHARAN-BASQUE vs URRUTIA-AIMAR (A Multzoa, ligaxka)

Egutegia, emaitzak eta sailkapena: https://www.eitb.eus/eu/kirolak/pilota/osoa/8992068/20222023-jai-alai-winter-series-txapelketako-sailkapenak-emaitzak-eta-egutegia/

Urrutia eta Aimar, Aimar eta Urrutia. Euren izerdiz lortu dute Winter Serieserako sailkatzea horren aurreko «Pro-Am»-a irabazita. Beraiek izan dute txapelketarako sarbide zailena eta beraiena da beraz, meriturik handiena. Hala ere lehen egindako lanak bukatu dira eta orain kontagailua berriz zerotik hasten da.

Txapelketako zortzi bikoteetatik Urrutia eta Aimarrek osatutakoa da presio gutxien sentitu beharko lukeena. Euren lanak egin dituzte jada eta orain gozatzea geratzen zaie. Katedralera kantxaratu, harmailetara begiratu eta gustora jokatu. Aldazabalek esperientzia ematen dio bikoteari, eta «Pro-Am»-ean egin bezala, lasaitasuna transmititu behar dio Urrutiari. Berriatuko atzelari beteranoa eredu bat da gazteentzat, figura izan gabe ere urte hauetan guztietan hor egon delako beti, zesta-puntan jokatzeko gogoz eta beti ondo prestatuta. Iazko azpitxapeldunak patxada handiagoarekin jokatu dezake aurten eta belaunaldi arteko transmisio lana egin. Goi mailako zesta-puntan zelan jokatu behar den ikasi behar dute gazteek eta hori da Aimarrek Urrutiari tantuz tantu erakutsi behar diona. 39 urte ditu berriatuarrak eta 21 garaztarrak. Belaunaldi arteko transmisio-lan horren lekuko izango gara euren partiduetan.

Parean Jean Olharan eta Thibault Basque izango dituzte. Gernikako Grand Slameko egungo txapelduna eta azpitxapelduna dira. Olharanek badu jada nahikoa esperientzia eta bere joko alaia gustuko du publikoak. Pilota xisteran sartzea ere ikuskizun egiten du, sarritan hanka biak alde batera ezkerreko horman jarrita. Basque bidartarra aldiz, orain ari da burua sartzen Hegoaldeko zirkuituan. Gaztea da oraindik.

Astelehen honetan gainera, Iparraldeko zesta-zale ugari etorriko ei da Gernikako Jai Alaira. Balio beza gure kirol honek, Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean zubi txiki bat eraikitzeko. Gauza askok banatzen gaituzte oraindik baina zesta punta ikusiz elkarrekin aulkitik altxa eta txaloka hastea, hori ere bada herri egitea.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE