Barriolak ez dauka orkatila gaur Gonzalezekin aritzeko moduan, eta Aspek partida atzeratzeko eskatu badu ere, EPELek ez du hori onartu
Imanol Magro / Berria
Ez partidarik, ezta atzerapenik ere. Abel Barriolak ez du Sebastien Gonzalezen aurkako partida jokatuko. Atzo arratsaldean Aspek partida atzeratzea esku eskatu zion EPELeko epaileari. Borja Osesek, ordea, txapelketaren arautegia errespetatu eta atzerapena ukatu zuen. Ondorioz, Sebastien Gonzalezek automatikoki lortuko du final-laurdenetarako txartela.
Abel Barriola oso ezkor agertu zen asteazken arratsaldean Azkoitiako Gurea pilotalekuko pilota aukeraketan. Igandean orkatilako orno bat kaltetu zuen, eta mediku tratamendua uste baino geldoago zihoan. Leitzarrak azken proba atzo goizean egingo zuela aurreratu zuen, eta orduan erabakiko zuela jokatzeko gai izango zen ala ez. Txapeldun ohiaren parte hartzea kolokan zegoen. Atzo goizeko proba fisikoak pilotariaren susmo txarrenak berretsi zituen: Barriolak ez zuen gaur jokatzerik izango. Aspeko mediku Txema Urrutiak Barriolaren mina egun gutxitan sendatu ahal izango zela aurreratu zuen asteazkenean. Hori jakinda, Eibarko enpresak azken saiakera egitea erabaki zuen. Atzo eguerdian eta kanporaketa bertan behera uztea erabaki aurretik, Aspek partida astebetez atzeratzeko eskatu zuen.
EPELeko epaileak ez du atzerapena onartu
Eskuz Banakako Txapelketaren aurkezpenean, finala jokatu aurretik ez zela atzerapen eskakizunik onartuko aurreratu zuen EPELeko zuzendaritzak. Dena den, Aspek saiakera egitea erabaki zuen, eta eskaera luzatu zion enpresen ligako epaile bakarrari.
Borja Osesek, EPELeko epaileak, atzo arratsaldean eman zuen jakitera bere erabakia. Ez zen azken orduko ezusterik egon eta epaileak ez zuen atzerapen eskakizuna onartu. Epaian, eta bere erabakiaren zergatia azaltzeko, araudiak ez duela atzerapenik onartzen nabarmendu zuen.
Atzerapena ukatzearekin batera, Gonzalez txapelketako final-laurdenetarako automatikoki sailkatuko dela berretsi zuen epaileak. Ondorioz, azkaindarrak Xalarekin neurtuko ditu indarrak txapelketako hurrengo kanporaketan.