Urruñako atzelaria zen faboritoa, eta hasieratik amaierara nagusitu zen
EZKURRA II 40
SORHUET 26
Gara
Paxkal Ezkurrak ez zuen hutsik egin, eta datorren larunbatean Donibane Garazin jokatuko duten finalerako txartela eskuratu zuen Sorhuet mendean hartuta.
Emaitzak besterik ematen baldin badu ere, finalerdi ederra egin zuten bi pilotariek. Oso bizi aritu ziren, eta Arrangoitzeko trinketeko harmailak betetzen zituzten zaleek gustura igaro zuten arratsaldea. Ezkurrak indartsu ekin zion; 5-0 aurreratu zen. Sorhuetek kintze bat eginda, bolada hori apurtu ahal izan zuen, baina Urruñakoak berehala zapuztu zizkion ilusioak Sorhueti, beste sei kintze jarraian eginda, eta 11-1 aurreratu zen.
Orduantxe hasi zen Sorhuet erantzuten, eta aurka zuen hamar kintzeko alde hori murrizteari ekin zion. Laura hurbildu zen, eta 23-19 jarri. Asko geratzen zen, eta bere jarraitzaileak txarrena pasatu zuelakoan zeuden.
Ezkurrak, ordea, ez zuen ezustekorik nahi, eta berriro ere hamar kintzeko aldea lortu zuen (33-23), eta partida erabaki. Sorhuetek etsi ere egin zuen, eta orduz geroztik amaierara nahiko bide erraza izan zuen Paxkal Ezkurra gazteak.