Ezta San Andres egunean ere

ASTELENA ITXITA. Jabeen arteko desadostasunek berean jarraitzen dute, eta Aspek Bergaran antolatu du Eibarren beharko zukeen jaialdia

IMANOL MAGRO/Berria

San Joanetan gertatu zen bezala, gaur, San Andres egunez, ez da pilota jaialdirik egongo Eibarko Astelena pilotalekuan. Eguberri eguna gertu dago, eta orduan ere ez da jaialdirik egongo. Astelenako urteroko hiru hitzordu nagusietan aurten ez da jaialdirik egongo. Astelenako jabeen arteko desadostasun ekonomikoek urrun dute konponbidea, eta pilotalekuko ateek itxita diraute. Aspek, ordea, ez du San Andresetako jaialdiaren ohitura alde batera utzi nahi izan, eta Eibarren beharko zuketen partidak Bergaran jokatuko dira. Titinek eta Irujok Eibarren zuten egina hitzordua, baina Bergaran neurtu beharko dituzte indarrak.

Fernando Bidartek, Aspeko buruak, egoera tamalgarritzat jotzen du, eta Eibarren San Andresetan jaialdirik antolatu ezin izateak min egiten diola dio. «Gu eibartarrak gara, Aspe Astelenaren itzalpean sorturiko enpresa da. Guretzat pena izugarria da San Andresetan Astelenan jaialdirik ezin antolatu izana, San Joanetan edo Gabon egunean bezala, egun horietan betidanik egon delako pilota Eibarren».

Jabeen arteko arazoa

Astelena Euskal Herriko pilotaleku industrial pribatu bakanetakoa da. Bere jabetza bi sendiren artean banatuta dago, Gaztañatorretarrak (%60) eta Bidartetarrak (%40). Iragan otsailean Aspek jaialdi bakoitzeko errenta jaisteko eskatu zien jabeei. Gaztañatorretarrek ez zuten eskaera onartu, eta ordaindu beharreko errentak berean jarraitu zuen. Ezezkoaren ondorioz Aspek Astelenan jaialdirik ez antolatzea erabaki zuen. Martxoaz geroztik ez da jaialdirik egon Astelenan, eta epe motzera ez dela egongo dirudi, hala uste du behintzat Bidartek. «Guk, Bidarte sendiak, arazoa konpondu nahi dugu, beste bazkideak, ordea, ez dauka horrelako asmorik. Guk bi eskaintza egin genizkien: gure zatia eurei saltzea, edota beraiena erostea, eta biei ezezkoa esan zieten. Guk konponbide bat aurkitu nahi dugu, baina ez digute uzten». Hilabete da Fernando Bidarte beste bazkidearekin azkenekoz bildu zela, eta bilera hark ere ez zuen fruiturik eman. «Dena geldirik dago, eskaintza mahai gainean jarri dugu, besteak dira erantzuten ez dutenak». 2007a urte erabakigarria izango da Astelenaren etorkizunarentzat, bi urte barru Gazvi elkartea (Gaztañatorre eta Bidarte) desegingo baita, eta pilotalekuaren jabetza akordioa berriz ere adostu beharko dutelako. Konponbideak luze joko duenaren seinale, Aspek aurki luzatuko du sei hilabetez Bergarako Udalarekin sinaturiko akordioa.

Aspeko burua ez da egun bakarrerako ahalegin ekonomiko berezi bat egitearen aldekoa, bere iritziz hori ez delako konponbidea. Dena den, pilotalekua egun bakarrerako ireki nahi izanda ere, bazkideek ez ziotela utziko uste du. «Ez dugu egun bakarrerako konponbiderik nahi, guk arazoa konpondu nahi dugu. Gatazka konpontzen denean antolatuko ditugu jaialdiak Astelenan, gainera egun bakarrerako antolatu nahi izanda ere, beste jabeek ez ligukete utziko». Eibarko hiritar talde batek, Asperen jaialdi bat erosteko saiakera egin zuen, San Andres egunez Astelenan jaialdia antolatu ahal izateko. Eibartar taldeak beste bazkideekin akordio batera iritsi zirela esan zioten Bidarteri. Aspeko jabeak ez zuen eskaintza onartu, hiritarrek esanikoa ezinezkoa zelakoan. «Nola iritsiko ziren akordio batera beste bazkideekin, guk lortzen ez badugu? Zientzia fikzioa, ipuina dirudi».

Eibarren beharko lukeena, Bergaran izango da

Astelenan jaialdirik antolatzea ezinezkoa denez, Aspek Bergaran antolatzea erabaki duela azaltzen du Bidartek. «Guretzat San Andres eguna berezia da, eta horregatik antolatu dugu jaialdia Bergaran. Ondo dakit Astelenan antolatu izan bagenu baino askoz jende gutxiago joango dela, baina berdin zait, nahi duena joan dadila! Baina guk San Andresetan jaialdia antolatzen jarraituko dugu!». Bergaran partida handia antolatu dute, Titinek eta Goñi III.ak, Irujo eta Eulateren aurka jokatuko dute. Bidarteren asmoa, baina, Iberokoaren eta Gonzalezen arteko buruz burukoa antolatzea zen. «Kantxa osoan eta ezker eskuarekin bakarrik, Sebastien, ordea, min hartuta dago eta ezinezkoa izan da». Astelenan izango ez bada ere, Eibarren ez da jaialdi profesionalik faltako. Eibartar talde batek Frontisen jaialdia kontratatu baitu gaurko (17:15). Jaialdia Orbea pilotalekuan izango da, eta partida nagusian Alustizak eta Altunak, Ariznabarreta eta Arretxeren aurka jokatuko dute.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE