Umore Ona BERRIA txapelketatik kanpo gelditzear egon zen, pilotari bati lizentzia ahaztu baitzitzaion
Gara
Joan den asteburuan jokatutako Berria Txapelketaren 3. jardunaldian ez zen ezustekorik izan, eta Umore Ona, Aurrera-Saiaz eta Pilotajauku faboritoak nagusitu ziren. Nabarmentzekoa Umore Onako goizuetarren aurrera egiteko modua. Izan ere, nagusien mailako pilotari bati (Arraztoari) ahaztu egin zitzaion lizentzia, eta galdutzat eman zieten partida. Eskerrak aurreko bi partidetan nahiko aldea atera zuten. Bost tantori esker egin zuten aurrera.
UMORE ONA 44; MURUMENDI 39
Kadeteak: Narbarte-Madariaga 22; Iraola-Mendia 9.
Gazteak: Apezetxea-Eskudero 22; Goikoetxea-Azketa 8.
Nagusiak: Loiarte-Arraztoa 0; Amondarain-Esnaola 22.
Kanporaketaren lehen zatiak ez zuen aparteko interesik izan. Askoz hobeto aritu ziren goizuetarrak, gaztetxoenen mailan lau pilotari oso on dituzte eta Jon Apezetxea tartean. Hirugarren partidan, Arraztoak epaileari lizentzia ekartzea ahaztu zitzaiola esan zionean, batzuen aurpegiak ederki aldatu ziren. Tantoek kontatzen dute, ordea, txapelketa honetan eta eskerrak horri. Epaileak ez zion partida jokatzen utzi, baina txikienek kanporaketa irabazia zuten ordurako. Hurrengoan Arraztoari ezer ez zaio ahaztuko etxean.
AURRERA SAIAZ 68; USANSOLO 38
Kadeteak: Telletxea-Artola 22; Zugazaga-Bizkarregi 8.
Gazteak: Telleria-Galarraga 22; Gil-Aiesta 20.
Nagusiak: Belloso-Oteiza 22; Beitia-Hierro 10.
Iazko txapeldunordeek erraz atera zuten aurrera kanporaketa. Nagusietan oso bikote ona dute eta kadeteek erraz irabazi zuten euren partida. Lehiarik onena, gazteena. Bi bikoteek egin zuten lan ona, baina gipuzkoarrak nagusitu ziren.
PILOTAJAUKU 66; AMURRIO 37
Kadeteak: Iturrioz-Etxeberria 22; Agirre-Fandiño 7.
Gazteak: Mendiluze-Agirre 22; Guaresti-Martinez 10.
Nagusiak: Urrestarazu-Lagos 22; Iriarte-Ereño 20.
Arabarrak ez ziren ongi aritu eta nafarrek uste baino errazago irabazi zuten. Erraz jokatu zuten kadeteek Iturriozek batez ere, gaur egungo kadeterik onenetakoak. Gaztetan, amurriarrek gehiago ematea espero zen, baina atzelaria motel samar aritu zen eta bi altsasuarrak oso txukun. Nagusietan, Amurriokoak ziren faborito, baina gaizki aritu ziren biak, eta kontrarioen aldean bikain asmatu zuen Urrestarazuk tantoak bukatzen.