Ibarrolak eta Ezkurra II.ak finalerako txartela lortu zuten
Gara
IBARROLA – EZKURRA II 50
ETXEBERRI – OZAFRAIN 37
Ibarrola eta Ezkurra II.a ziren lehiaketa hasi aurretik Sarako Torneoa irabazteko faborito nagusiak, eta bigarren finalerdiaren ostean, hori horrela dela argi eta garbi geratu zen.
Aurkari gogorrak izan zituzten aurrean, baina Etxeberrik eta Ozafrainek ezin izan zuten ezer egin. Ibarrolak ongi sakatu zuen, eta hasierako jokaldiari esker zortzi kintze egin zituen. Ozafraini hori dena egiteko ez zuen lan makala egin, Bankakoa egun dagoen atzelaririk onena baita adituen ustez.
Ibarrolak, bestela ere, lan ona egin zuen. Bere ezkerrarekin pilota fite ibili zuen, eta Etxeberri erotu egin zuten. Halere, horrek ez zuen lan txarra egin, eta une askotan Ibarrolari aurre egiteko gai izan zen.
Atzean Paxkal Ezkurra bere mailan aritu zen. Urruñakoa oso ongi dabil eta atzo ere partida oso ona egin zuen. Hasieratik zortzi-hamar kintzetako abantaila hartu zuten irabazleek, eta horri eusten joan ziren partida osoan zehar, eta azkenean finalerako txartela lortu zuten. Finala bihar jokatuko dute Sarako trinketean 19.00etatik aurrera, eta bertan Ibarrolak eta Ezkurra II.ak Larretxearen eta Etxetoren aurka jokatuko dute. Finalerako sarrerak ia agortuta daude Saran.