Fernando Goñiren Tourra

Enekoitz Telleria / Berria
Hitzetatik ekintzetara egin behar dela dioen esamoldeak indarra galdu duen honetan behin eta berriz, batek adina besteak erabiltzearen poderioz eta, batik bat, inork agindutakoa ez betetzearen poderioz, badira pilotariak esamolde hori mugara eraman eta aspaldi gainditu dutenak. Asko ez. Baina ale bakan batzuk bai. Horietako bat da joan den asteburuko pilotaririk onena: Fernando Goñi. Topikoen desertuan tanta freskoak izaten dira mikrofono bat aurrean jarri orduko Zubirikoak esaten dituenak, eta Eskuz Binakako Txapelketa hasi bezperan Tolosako Beotibarren esandakoak ekarri nahi nituzke hona, hizetatik ekintzetara nola egin behar den norbaitek ikasi nahiko balu.

«Nik txapelketa honi begira egiten dut lan, eta lana egina dago. Zortea behar da, eta emaitzak. Udatik hona hobera egitea normala da. 365 egunetan jokatzen dugu eta atzelariokin beti akordatzen dira gaizki ari garenean, ongi ari garenean ez. Armstrongek martxoan Andaluziako Itzulia korritu eta lehenengo mendatean atzera gelditzen denean, ez du inork deus esaten. Guri hemen urte osoan ongi aritzeko eskatzen zaigu. Bakoitzak bere egutegia dauka eta hori kontuan hartuta prestatzen du denboraldia». Nola esaten da? Ozenago bai, baina argiago ezin? Horixe bera. Ez da Goñi adierazpen arranditsuak egin zalea, baina hitz egiten duenetan zentzuz hitz egiten du, jokatzen duenetan zentzuz jokatzen duen bezalaxe. Eta hori ari da egiten txapelketan.Armstrong Andaluziako Itzulian bezain kaskar seguru ez dela sekula aritu Goñi III.a, baina uda partean izandako beherakadak hari eztena sartzeko bidea eman zion norbaiti, eta samin puntu batekin esan zituen Tolosan esan zituenak. Andaluziako Itzulia amaitu zen eta Frantziako Tourrean ari da orain Goñi. Hitzetatik ekintzetara. Irujo txapeldunaren itzalean distira egitea ez dago edonoren esku ongi aritzen denean txapelduna izaten delako protagonista eta gaizki aritzen denean ere bai, baina Goñik lortu du. Asperekin profesionaletan debutatu zuenean ez zuen haren alde inork txakur txikirik ematen. Afizionatu mailan txukun bai, baina koska bat gorago aritzeko moduan ez. Enpresa berriak pilotariak behar zituen plantila osatzeko, eta betelana egiteko elementu gisa ikusten zuten Goñi. Eskerrak! Txapeldun irten da birritan Titinekin (2004) eta Olaizola I.arekin (2001) eta egungo atzelaririk eraginkorrenetakoa da. Igandean Eibarren egindakoari erreparatu besterik ez dago horretaz ohartzeko: egungo eskuin esku bortitzenaren eginahala hutsean utzi, pilota baztertzaile adituenetako bat pilota baztertuz gainditu, baretu ezina dirudien bikotekidea baretu, eta historiako seigarren partida piloteatuena osoen bukatu Bergara-Errandonea eta Alustiza-Maizek dute errekorra 1989tik: 1.548 pilotakada.Oinatz Bengoetxea eta Ruben Belokiren jardunaz ere aritu nahi nuen, baina aukera gehiago izango ditugulakoan nago.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE