Olaizola II.a-Zearra eta Irujo-Eulate gustura gelditu dira igandeko finalerako pilota aukeraketan
IMANOL MAGRO / Berria
Igandeko binakako finalean pilotak ez dira aitzakia izango. Lau finalistek pilota aukeraketa egin zuten atzo, eta laurak gustura gelditu ziren, bai eurek hautaturikoekin, baita kontrarioek aukeraturikoekin ere. Aurrez asmatu zitekeen bezala, Irujok eta Eulatek pilota biziagoak aukeratu zituzten, Olaizolak eta Zearrak, berriz, motelagoak, frontisetik gutxiago irteten direnak.
Bi bikoteek zale ugariren aurrean aukeratu zituzten pilotak. Ogetako kantxako harmaila ia bere osotasunean bete zen atzo. Lehenbizi Olaizola eta Zearra aritu ziren pilotak aukeratzen. Asegarceko bikoak zehatz-mehatz aztertu zituen pilotak. Luze jardun ziren, igandeko hitzordua ez baita nolanahikoa. Luze zebiltzala ikusita, Irujo kantxara sartu zen, eta adarra jotzeko gogoz pilota aukeratzaileari oihu egin zion: «Gero pilotak ez dituztela higatzen esango dute!». Kantxan Olaizolak eta Zearrak ez zioten jaramonik egin, eta lanean jarraitu zuten, hitzik esan gabe. Asegarcekoek Punpa etxeko hiru pilota aukeratu zituzten, 104, 104,1 eta 105 gramokoak. Irujok eta Eulatek askoz denbora gutxiago behar izan zuten pilotak hautatzeko. Aurreko aukeraketa batzuetan markaturiko pilotak izan dituzte, eta atzo behar izan zuten denbora urria ikusita litekeena zen pilotak aurrez aukeratuta egotea. Aspekoek pilota astunagoak nahiago izan zituzten, 104,4 gramoko bi eta 104,9 gramoko beste bat. Pi Punpa etxekoak, eta hirugarrena larrua bueltaturikoa. Aurreko partidetan Olaizola eta Zearraren aurka jokatu zuten bikoteek gogor kritikatu zituzten eurek aukeraturiko pilotak, Irujok, gainera, ez du herdoilik mihian, eta atzo desadostasunen bat egon zitekeela pentsa zitekeen. Zorionez ez zen halakorik egon eta laukotea gustura gelditu zen. Irujok askotan esaniko esaldia errepikatu zuen: «Nik beti diot finaletan pilota onak egoten direla, eta gaur hala pasa da. Gureak politak dira eta eurenak motelagoak, baina jokatzeko modukoak, ea ez diren asko higatzen». Olaizolak eta Zearrak ere ez zuten kexurik izan. Esandakoa, pilotak ez dira aitzakia izango.