Finalista goiztiarrak

IMANOL MAGRO/ Berria

Pilotari gazteek agintzen dute gaur egungo pilotan. Pilotazaleak pilotari gaztearen eta debutatu berriaren grina eskertzen du beti. Aurtengo binakakoan ere, zaleek izar jaio berri baten dirdira izan dute hizpide. Oinatz Bengoetxeak hogei urterekin binakako txapelketaren finalerako sailkatzea lortu du.Halere, igandeko lau finalisten kirol ibilbideak aztertuz gero, leitzar gaztearen balentria apur bat iluntzen da.

Igandeko lau protagonistek profesional mailako hiru urte nahikoak izan dituzte binakakoaren lehen finala jokatzeko. Lau finalistetatik hiru, gainera, (Belokik, Bengoetxeak eta Irujok) hogeita hiru urte bete aurretik sailkatu dira binakako finalerako. Fernando Goñiren kasua salbuespena da, oso berandu debutatu eta hogeita zortzi urterekin jokatu baitzuen lehen finala.Aurten, Oinatz Bengoetxeak zaleak ahoa bete hortz utzi baditu ere, bere bikotekidearen esku dago binakako finalista gazteena izatearen ohorea. Ruben Belokik 19 urterekin jokatu zuen binakako lehen finala. Burlatakoak 18 urterekin egin zuen profesional mailako debuta, eta bere bigarren denboraldian binakako finalerako sailkatzea lortu zuen. 1994ko finalean Belokik Julian Retegi izan zuen bikotekide. Orduko hartan ez zuen txapela janzterik izan, Titin III.aren eta Fernando Arretxeren aurka galdu baitzuten (22-14). Bi urte geroago irabazi zuen binakakoa lehenbizikoz, Miguel Capellanekin bikotea osatuz.Finalista gazteena izango ez bada ere, Oinatz Bengoetxea finala jokatuko duen aurrelari gazteena izango da. Hortaz, igandeko partidan, finala jokatu duten aurrelari eta atzelari gazteena bikote modura ariko dira. Asergarcek oso gazte debutarazi zuen Bengoetxea, eta hogei urte baino ez baditu ere, hiru urte daramatza profesional mailan. Dena den, Bengoetxeak aurten hartu du parte lehenbizikoz binakakoan. Txapelketa handietako esperientzia faltari aurre egin behar izateak aurtengo bere lorpenaren itzala handiarazi du.

Azken 20 urteetako finalik ‘gazteenetan’ bigarrena

Martinez Irujo da gaztetan binakako finala jokatzea zer den ezagutzen duen hirugarren protagonista. Iberoko aurrelariak hogeita bi urterekin eta profesional mailako lehen denboraldian jokatu zuen iazko finala. Lasa III.arekin bikote eginez, Titin III.aren eta Fernando Goñiren aurka galdu zuen (22-10). Aurtengoak profesional mailako bigarren urtea eta binakako bigarren finala ditu. Zalantzarik gabe pilotari belaunaldi gaztearen fruiturik mardulena da.

Aurrelarien gaztetasuna nabarmena baldin bada ere, finalisten adinekin batez bestekoa eginez, aurtengoa ez da azken urteetako finalik gazteena. Izan ere, aurtengo finalisten adinen batez bestekoa azken hogei urteetako finaletakoekin alderatuz gero, adin gutxiagoko laukote bat ageri da (Xala-Lasa eta Olaizola I.a-Ruiz). Adinen batez bestekoa aurten 26,25 urtekoa da. 2002ko finalean aritu zen laukotea baino urte erdi zaharragoa. Urte hartan, Xalak eta Lasak, Olaizola I.aren eta Ruizen aurka jokatu zuten. Laukote hark, batez beste, 25, 75 urte zituen; ezohiko kopurua beteranoak nagusi izan ziren txapelketa baterako. Finaleko protagonisten adinei erreparatuz gero, azken urteetara arte Binakako Txapelketa pilotari beteranoen lurraldea izan da. 1985etik 1999ra, enpresen arteko akordioa lortu arte, batez bestekoak 30 urtetik gorakoak ziren. Azken hogei urteetako finalik zaharrena 1989-an jokatu zen: Pampi Ladutxek eta Josean Tolosak, Julian Retegiren eta Fernando Arretxeren aurka. Batez bestekoa 33,25 urtekoa zen, final gazteena baino 7,5 urte zaharragoa. Azken urteetan, baina, Retegi, Arretxe eta Errandonea beterano handien erretiroaren eta belaunaldi gazteen mailaren ondorioz, finalak nabarmen gaztetu dira. Azken lau finaletatik bakar batek igaro ditu batez besteko 30 urteak. Iazkoak, hain zuzen, bataz besteko 30,5 urterekin.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE