Bi kanporaketa jokatuko dira Garat trinketean, 16:00etatik aurrera
Gara
Berezkoen bakarkako Txapelketa bere unerik gozoenera iristen ari da, gaur hasiko baitira Donibane Garaziko Garat trinketean final-zortzirenak, eta Olivier Laretxea, adituen ustez faboritoetako bat dena, lehian hasiko da.
Astelehenero moduan, 16:00etan hasiko da jaialdia, eta lehenengo partida Ezkurra I.ak eta Sorhuetek jokatuko dute. Partida erakargarria da hori. Alde batetik, Patrick Ezkurra izango da lehian. Urruñarra txapelduna izandakoa da, eta hura errepikatzea ia ezinezkoa dela jakin arren, prest dago lana gogotik egiteko.
Joan den astelehenean Jean Claude Dermiten aurka zuen jokatu beharra, baina hark min hartu zuenez, ezin izan zuen jokatu, eta lehian aritu beharrik gabe egin zuen aurrera Ezkurra zaharrenak. Hori bai, bakarka lagunarteko partida jokatu zuen Maiteren aurka, eta irabazteaz gain, itxura oso ona eman zuen.
Bestetik, Sebastien Sohuert izango da. Hendaiarra da adituen ustez etorkizunik handienetakoa duen pilotaria. Bakarka oso ongi moldatzen da, baina horrentzat ere estraineko norgehiagoka izango da, eta horrek beti kezka sortzen du. Aurrean, gainera, hark baino askoz ere eskarmentu handiagoa duen pilotaria izango du, eta horrek zalantzak piztu ditzake; baina hura aterako da irabazteko faborito, eta dirua ere alde izango du.
Kanporaketa horren ostean multzoburuak hasiko dira lehian, eta norgehiagoka hori irabazten duenak, Etxetoren aurka neurtu beharko ditu indarrak.
Larretxearen estreina
Horren ostean Jean François Aranburu eta Olivier Larretxea kantxaratuko dira. Lehenengoak bigarren partida izango du, pasa den astean Istillarte oso erraz menperatu baitzuen.
Olivier Laretxearentzat estraineko partida izango da, eta beti izaten da arriskutsua; are gehiago, aurrez aurre izaten den pilotaria lehendik jokatuta baldin badator. Hala ere, askoren ustez horixe izan daiteke Zuraideko pilotariaren urtea, eta gaur dirua bere alde izango du. Sekulako uda egin du, aurrelaririk onena izan da, gehienen ustez, eta guzti hori baieztatu nahi du lehiaketa honetan, nahiz eta binaka jokatzeak ez duen bakarka jokatzearekin zer ikusirik. Kanporaketa hori gainditzen duen pilotariak Paxkal Ezkurraren aurka neurtu beharko ditu indarrak.