·Lau eta Erdikoa – Zazpi pilotari lehiatuko dira
Jon Leunda / Gara
Aurten ere jokatuko dute Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketa, nahiz eta Aspekoak eta Asegarcekoak ez diren lehiatuko. Nafarroako Federazioak egungo enpresa guztiei eman zien parte hartzeko aukera, Botiboleari izan ezik, enpresa horretan nafarrik ez dagoelako.
Azkenean, ordea, Frontisekoak eta Besagainekoak bakarrik lehiatuko dira. Aspek eta Asegarcek ezezkoa esan zuten, eta Garfek pilotari batzuen zerrenda eman baldin bazuen ere, azkenean ez parte hartzea erabaki du.
Errandonea anaiak, Gorriti, Larraia, Arretxe eta Armendariz izango dira Frontiseko ordezkariak, eta Salaberria, Besagainekoa. Pilotariak bi multzotan banatu dituzte. A multzoan, Errandonea II.a eta Gorriti lehiatuko dira. Irabazten duenak Larraiaren aurka jokatuko du, eta nagusitzen dena finalerdietan Arretxe izango du aurrez aurre.
B multzoan, Errandonea I.a eta Salaberria lehiatuko dira lehenengo, eta irabazten duenak Armendarizen aurka jokatuko du finalerdietan. Finala uztailaren 11n jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan.