Amillategi
Euskal esentzien artean aipatzen da maiz frontoia. Esate baterako, frontoia eta baserria dira Jesus Guridiren ‘El caserio’ abeslanaren ardatzak. Literaturan, Pierre Lotik frontoiak eraikitzen duen mundua idealizatu zuen ‘Ramuntcho’ liburuan. Arte plastikoetan, Oteizak frontoia espazio mitiko bezala kontsideratu zuen. Izaera magikoa dute baita Jesus Mari Lazkanoren frontoien koadroak.
Hori guztia ikusirik, edonork esango luke ez duela euskaldun herririk egon behar frontoi txukun bat ez duenik. Bestela gertatzen da ordea. Joan den igandean Astelena frontoian ikusi genuen Elgoibarren frontoi berri bat bultzatzearen aldeko ekimena. Elgoibarren izan dira pilotari bikainak, Zabala eta Artazo, batipat. Bertakoak izan ez arren, beste pilotari askok izan dute lotura herri jator honekin, Irureta II eta Kortabitartek, esate baterako. Zaletu asko egon dira baita azken urteotan. Beraz, pilota herria da Elgoibar, gainera, Eibartik eta Azkoitiatik gertu dagoana. Baserri bertsolariak aipatzen du bere Atano III liburuan, txapeldun azkoitiarra oinez joan zela bere lehenetako norgeiagokaren bat jokatzen Elgoibarreraino. Frontoi txukun bat izatea Elgoibarren ez da beraz, bidezkoa ez den proposamena. Honekin ez dut esan nahi orain egin behar denik edo ta politikarien lanean sartzea nahi dudanik. Krisialdi gogorrean sartuta gaude eta beharbada baliabideak ez dira onenak. Horrez gainera, herritarrek nahi izan behar dute horrelako lan publiko bat aurrera eramatea. Beraiena da hitza.
Elgoibarren antzerako kasuak badaude. Zumaia, herri pelotazalea, Etxabetarren seaska, frontoirik gabe egon da denbora zati batean. Ondarroan, Akarregik eta Gallastegik buruz buru jokatu zuten herrian, ez dago frontoi estalirik. Azkenik, kasurik nabarmenetako bat aipatuko dut. Bilbon, ez da eskuko frontoi ganorazko bat egon 87 urtean gutxienez. Juan de Irigoyen idazleak, bere 1924ko liburan aipatzen zuen Bilbon eskuko frontoi bat egitea lehentasunezko ekimena zela. 87 urte geroago, inauguratuko da aurten Bizkaia frontoia, pilotazale bilbotarren bitxia izango dena. Horrelako adibideak ikusi ondoren, uste dut beharrezkoa dela plangintza estrategikoetan gure kirola eta frontoia, espazio berezia dena, gertutik babestea.