Palista argentinarrak Banakako Txapelketako bost partida jokatu behar ditu hamar egunean
Agerikoa da Eusko Basqueren txapelketak antolatzeko sistemak gero eta hobeak direla. Hala eta guztiz, oraindik badago zer hobeturik txapelketak antolatzeko orduan. Pablo Fustori Banakako Txapelketan gertaturikoa da horren erakusgarri. Palista argentinarra Eusko Basqueko izarretako bat da, eta duela hilabete eta erdi ezker besoa mindu zuen. Fustok tendinitis larria zuen besoan, eta hilabete pasatxo egin behar izan du jokatu gabe. Intendentziak, baina, Fusto txapelketan sartzea erabaki zuen, eta sailkatze ligaxkako bost partida azken txanpan joka zitzala. Hala, Fustok hamar egunean jokatu behar ditu bost partidak, mindutako ezker besoak jasan zezakeen zigorrik latzena.
«Ez zegoen beste erremediorik: bost partidak batera jokatu edo txapelketari uko egitea zen, eta nik arriskatzea erabaki nuen». Fustok etsita azaldu du bere erabakia, arriskua garestiegi ordaindu bailezake. Argentinarrak jokatzea erabaki zuenean ondo zekien bost partidak denbora laburrean jokatu beharko zituela, eta besoak ondo eutsiko ziola uste zuen. Minak, baina, ez dio utzi modu egokian prestatzen, indarrez larri iritsi da, eta ez dago batere konforme txapelketako lehen bi partidetan emaniko itxurarekin. «Iaz binakakoa irabazi nuen, eta aurten buruz burukoa taxuz prestatu nahi nuen. Lesioa, baina, unerik okerrenean iritsi zait, hogei egun egin ditut geldirik eta ez dut deus ere prestatzerik izan. Bi partida jokatu ditut eta gaizki aritu naiz, eta hori da okerrena, duzun guztia ezin eman izatea».Buenos Airesko aurrelariak ez du besoa sendatzeko tratamendua bukatu oraindik, eta egunero hiru ordu egiten ditu medikuarenean. Besoa ondo sendatzea beharrezkoa du, pala luzean buruz buru jokatzea izugarri gogorra baita. «Tendinitisa oso zaila da sendatzen. Denbora asko behar da, eta, hain zuzen, hori falta dut nik, atsedenerako astia». Fustok gaur jokatuko du maratoiko hirugarren partida. Aurreko bietan Rekalde mendean hartu eta Lujanen aurka galdu zuen. Bi partidak zigor latza izan ziren besoarentzat, eta kexu da, ezker besoa nahi bezala errekuperatzen ez duelako. «Bi partida jokatu ditut eta besoa asko kargatu zait. Ni ezkerra asko erabiltzera ohituta nago, eta sasoi betean egon ezean, pala astunegia da kilo bat ingurumugitzeko».
Gaur txapeldunaren aurka, Bilboko Deportivon (17:00)
Fustok hamar eguneko maratoiaren hirugarren hitzordua du gaur, Bilboko Deportivo pilotalekuan. Aurrean Esteban Gaubeka izango du, iazko banakako txapelduna. Armintzako aurrelaria koadroko jokalaririk trebeena da, eta gaur irabazita, oin eta erdi izango du finalean. Fustok, berriz, gaur ezin du hutsik egin. Finalera ligaxkako lehen biak baino ez dira sailkatzen, eta gaur galduko balu, argentinarrak ezinezkoa luke finalean sartzea. Horren jakitun, gaur galtzen badu, litekeena da Fustok ez jokatzea ligaxkako azken bi partidak. Argentinarrak honela azaldu du erabakia: «Gaur galduta, ez dut finalean aritzeko aukerarik izango, eta ez dut arriskatu nahi. Buruz buru asko sufritzen du besoak, eta haragi-etenen baten beldur naiz. Galduz gero, azken bi partidak ez ditudala jokatuko uste dut; Gabonetako partida eskergarako atsedena behar dut».
Gabonetako jaialdi kopurua hartu du hizpide Fustok. Izan ere, heldu den astetik aurrera, Eusko Basquek hamasei pala jaialdi antolatu ditu errenkadan, Urrezko Pala torneoa barne. Aurrera begira jarrita, berezkoa duen ironia puntua erakutsi du. «Inoiz ez dituzte hamasei pala jaialdi jarraian antolatu, inoiz ez! Behin egingo eta nik besoa gaizki eduki behar. Marka da gero nirea!». Ezker besoa guztiz sendatu ezean, argi dago Fustok ez duela Gabon gozorik igaroko.