Azken hiru urteetan txapeldunek kanporatu badute ere, Banakako Txapelketak eman dizkio kirol ibilbideko unerik gozoenak.
IMANOL MAGRO / Berria
Pilotak aukeratu, Galarza sendia agurtu eta, saio labur baten ondoren, Zornotzako pilotaleku berriko aldageletan erantzun dio Imanolek Berriari. Aldagela lurrunez beteta dago, Enrike Galarza eta Juan Mari Juaristi dutxa hartzen ari baitira. Ladis Galarzaren semearen dohainen inguruko iritziak elkarrizketaren hitzaurre izan dira.
Zer moduz pilota aukeraketa? Eta pilotaleku berria?
Oso ondo, gustura gelditu naiz. Haren pilotek bote handiagoa dute, baina, lurra nahiko latza denez, berehala galduko dute. Pilotalekua ona da, batzuetan bote arraroren bat egiten badu ere. Gustura nator Zornotzara jokatzera.
Zer moduz zaude, eskuz eta jokoz?
Ondo, nahiko prestaketa luzea egin ahal izan dut. Nahiko denbora izan dut manomanista prestatzeko eta ez dut inolako arazorik izan ez fisikoki, ez eskuetatik, eta hori beti eskertzen da.
Zer-nolako prestaketa egin duzu?
Hainbeste denbora edukita, jende askorekin entrenatu naiz. Urte hasieran hasi nintzen prestatzen, eta azken hilabete eta erdian gogorrago egin dut lan. Ruizekin, Zearrarekin, Kokarekin, PeñarekinÉ askorekin aritu naiz.
Eta gustura lorturikoarekin?
Bai, beno, hainbeste egunetan denetarik egon da. Oro har nahiko gustura nago egindako lanarekin.
Buruz burukoa iritsi da, une gozoenak eman dizkizun txapelketa.
Bai. Aurten, gainera, ia-ia txapelketa bakarra da. Halere, ez diot neure buruari inolako presio berezirik egin nahi. Gustura egin dut prestakuntza eta gustura hasiko naiz jokatzen. Etxera joan behar badut, egindakorekin konforme gelditu ondoren izan dadila.
Helbururik jarri al diozu zeure buruari txapelketa honetarako?
Bai, entrenamenduetan eginiko lana partida egunean ateratzea. Buruz buru pilotari guztiek ditugu dohainak eta ondo jokatu ezean edozein aurkarik bidali zaitzake etxera.
Azkenaldian enpresak ez zaitu estelar askotan jarri. Horrek kalte handia egin dizu?
Binakako jokoan agian bai, tristeago irteten naizela dirudielako. Buruz buru, ordea, ez. Entrenamenduak oso onak izan dira, eta larunbatean jokaturiko binakakoak ahazturik egongo dira.
Azken hiru aldietan txapeldunek kanporatu zaituzte; zozketan zortea edukitzeak ere garrantzia dauka.
Badirudi urtero sasoi hoberenean dagoen pilotaria egokitzean zaidala! Baina, beno, nik alde onari begiratzen diot. Iaz Irujori nahiko lan eman nion eta horrela iazko prestakuntza egokia izan zela erakutsi zidan, eta aurten antzera nago. Ea aurten inork ez didan irabazten eta txapela janzten dudan!
«Apur bat hobeak direnek aurten sufritu egingo dute». Zuk esana da. Zure kasuan konfiantzaz ondo zauden seinale al da?
Buruz buru nik ez dut hainbesteko alderik ikusten goi-goian dauden eta azpitik datozen pilotarien artean. Azken urteetan ikusi dugu, ia urtero txapelduna aldatu egin da. Hori maila handia dagoen isla da; deskuidatuz gero, edozein geldi daiteke kanpoan.
Txapelketa hastear zegoenean sailkatzeko fasea jokatu behar zenuela esan zizuten. Gero ez zen halakorik egon. Nola jaso zenuen albiste hura?
Egun bakarreko afera izan zen. Albistea jaso nuenean pena hartu nuen, hainbeste denbora prestatzen egon ondoren hasteko nire garairik onena ez zelako. Garai horretan jokatuko nuenik ez nuen pentsatzen. Gero jokatu behar izanez gero, jokatu egingo nukeen eta kito. Zorionez, egun berean dena konpondu zen eta anekdota bezala gelditu da. Dena den, beste urte batzuetarako, garbi gelditu zait ez dela gauzak egiteko modurik onena.
Buruz buru oso ondo aritzen den aurkari bat egokitu zaizu. Nola ikusten duzu Galarza V.a?
Enrikek dohain handiak ditu banaka jokatzeko. Nire ustez, arinago aritu behar luke lehen mailakoa jokatzen. Iaz bigarren mailako txapeldun izan zen, bi esku on ditu eta fisikoki oso ondo dagoen pilotaria da.
Lau t’erdian hiru aldiz jokatu duzue elkarren aurka; oso ondo ezagutzen duzun aurkaria egokitu zaizu.
Bai, baina buruz burukoa txapelketa desberdina da. Biak antzeko pilotariak gara, aurrelariak, botera jokatzen dugunak eta maila onena buruz buru ematen dugunak. Larunbatean hoberen dagoenak irabaziko du.
Zu askotan aritu zara banakakoan. Enrikerentzat, ordea, lehen aldia da. Aholkuren bat emaiozu.
[Barrez] Aholkuak, galduz gero, hurrengorako emango dizkiot! Buruz buruko jokoak ez dauka misteriorik. Defentsan oso ondo jokatu behar da irabazteko. Bosgarren koadrotik aurrera denok dakigu jokatzen, eta hor ez da aholkurik behar.
Non erabakiko da partida?
Defentsa lan hobea egiten duenak irabaziko du. Bostetik biok astinduko dugu, biok eskuinez joko dugu, dejada eta hormabikoak biok ondo botatzen dituguÉ Atzean ongien aritzen denak irabaziko du partida.
Aurrera begiratu al duzu?
Bai, partida asko irabaziz gero aurkaririk ez da faltako. Horrelako txapelketa batean ez du merezi aurrera begiratzeak. Nik eta Enrikek lan asko egin dugu eta larunbatean irabaztea da helburua. Partida bat irabazita, behintzat, hilabeteetan eginiko lanak bere fruituak eman dituela dirudi.