Gatza elurteak eraman du

Irujo-Goñik eta Olaizola-Zearrak partida aurreko giroa leundu dute, kitarako pilota aukeraketan

IMANOL MAGRO / Berria

Binakako txapelketako bigarren finalerdiko lau protagonistak aspertuta daude egunotan sortu den polemika eta adierazpenekin. Atzo Gasteizen eginiko pilota aukeraketaren osteko agerraldietan lau pilotariek aurkariak xaxatzen ez jarraitzea erabaki zuten. Kritika txikirik ez zen falta izan, ahotsen doinua, ordea, aurrekoetan baino baxuagoa izan zen. Gasteiz zuritu zuen elurteak kitarako partidaren gatza eraman izan balu bezala.

Ogetan ohikoa den legez jende ugari gerturatu zen atzo goizez pilota aukeraketa ikustera. Gehienak edadetuak, ikastolan piper egindako gaztetxo batzuk falta ez baziren ere. Lehenik Asier Olaizolak eta Oier Zearrak hautatu zituzten pilotak. Asegarcekoek zehatz-mehatz aztertu zituzten, seriotasunez eta banaka-banaka probatuz. Igandekoa partida garrantzitsua da eta atzo ez zegoen komerientzako lekurik. Asegarcekoek larrua bueltako hiru pilota aukeratu zituzten (109,9, 102,2 eta 104,8 gramokoak). Ondoren Martinez Irujoren eta Fernando Goñiren txanda iritsi zen. Ordurako jakina zen Aspek bere sortan larrua bueltatuko hiru pilota ekarri zituela , eta hautatzaileak horietatik bi aukeratu zituela. Beraz, ez zen harritzekoa izan Irujok eta Goñik larrua bueltako bat hautatu izana. Aspekoek saio motzagoa egin zuten, gustuko pilotak aurkitzea ez baitzitzaien askorik kostatu. Azkenean, larrua bueltatutako bat eta bi pilota arrunt hautatu zituzten, 103,4, 104,9 eta 102,8 gramokoak. Bukaeran, bikote bakoitzak aurkariek aukeraturikoak probatzeko aukera izan zuen. Ez zen poztasun aurpegirik ikusi, eta kontrakantxatik prentsa aurrekoak beroa izan behar zuela sumatu zitekeen.

Kazetarien harridurarako, ordea, agerraldiak nahiko lasaiak izan ziren. Asegarceko bikoteak ez zuen hautsik harrotu eta Aspekoek eginiko kritikak aurrekoetan baino leunagoak izan ziren.

Asier Olaizolak saskian aukeran jarritakoekin konforme gelditu zela onartu zuen; bereak eta kontrarioenak gustatu zitzaizkion. «Sei pilotak oso politak iruditu zaizkit, eurek larrua bueltatutako pilota bat hautatu dute eta alde gutxi dute gureekin alderatuta». Iragan asteko partidan, Irujok eta Olaizolak nabarmen egin zioten traba elkarri. Liskarrak bi protagonistak sutu zituen eta bakoitzak besteari bota zion errua. Atzokoan goizuetarrak bazekien horren inguruan galdetuko ziotela eta eztabaidarekin bukatzen saiatu zen. «Nik arreta partidan jartzen dut, ez diet kasurik egiten elkarri egindako trabei». Igandekoa kitarako partida da, irabazleak finalera pasatuko dira eta galtzaileek agur esango diote txapelketari. Presioak, ordea, Oier Zearrari ez dio eragingo. «Horrelakoak jokatzeko entrenatzen gara. Partida hauetan kantxaratu ahal izatea desiratzen dugu». Lehiaren nondik norakoez galdetzean, biek tentsio handiko partida izango zela aurreratu zuten: «Gogorra eta ez aurrekoak bezain luzea». Martinez Irujoren eta Fernando Goñiren hitzak aurkarienak baino gogorragoak izan ziren. Aurkarien pilotak hizpide hartzean, Zubirikoak bi pilota «bote itsusikoak» iruditu zitzaizkiola azpimarratu zuen. Irujori Olaizolarekin izandako liskarraren inguruan galdetu ziotenean, Iberokoak barrenak guztiz hustu zituen. «Asier askotan gurutzatzen da; halere, ni baino ez naute egurtzen. Nik disimulu gutxiago dut, baino ez dut hainbeste enbarazu egiten».Igandeko partidaren inguruan mintzatzean euren faborito izaera ukatu zuen Aspeko bikoteak. Iragan astekoaz hitz egitean, berriz, Irujo txapeldunak txapa apur bat jaistea iradoki zuen txantxetan. Goñik, seriotasunez, eginiko hutsak nabarmendu zituen. «Aurrekoetan hutsek erabaki dute; igandean, huts gutxien egiten duen bikoteak irabaziko du».

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE