GAUR HONDARRIBIAN, ASKO DAGO JOKOAN

Jai Alai News

Jostaldi pilotalekua, 20:00tan.

ETB-1en, IGANDEAN, 15:00tan

GOIKOETXEA-AIMAR vs OLHARAN-DEL RIO

ARBE-LÓPEZ vs HORMAETXEA-MANCI


Hondarribiko Grand Slameko bigarren jardunaldia heldu da. Sei bikote ari dira parte hartzen txapelketan, eta hauetako birentzat, lehengo partidua izango da:

* OLHARAN-DEL RIO: faboritoak ez, baina arriskutsuak bai. Lehenengo eta behin, Pabeko aurrelaria edozertarako gai delako, eta bigarrenik, Gasteizko atzelariak duen eskuma indartsuagatik. Askoz min gehiago egingo du Julen Del Riok, besoan duen pizti hori dominatuz joan ahala. Goiko eta Aimar faboritoak dira gaurko partidua irabazi eta finalerdietara sailkatzeko. Oso ondo ezagutzen dira biak, pertsonalki zein kantxa barruan (Miami Jai Alai eta Master Jaiko garaietatik, gaur egun elkarrekin esnaiatzera arte). Lehenengo jardunaldian, hirugarren setean 5-4 gailenduta lortu zuten Erkiaga eta Etxetori irabaztea.


* HORMAETXEA-MANCI: Alex Hormaetxea eta Mikel Mancisidorrek ere abantaila bat badute. Lehenego partidua da eurentzat eta hurrengo jardunaldiko «koltxoia» dute, galduz gero ere. Eta gainera, presiorik ez. Mutrikuko atzelaria pelotari gaztea da oraindik, eta txapelketa hauetarako berari deitzea, garaipen bat da beretzat. Aurrean benetako «tigre» bat dauka lagun, pelotari guztietan errespetatuenetakoa. Kantxa barruan gainera, oso lagun ona. «Bullet» Zabalari galdetu bestela, Gernikako Grand Slamean zenbat animo eta babes eman zion, pelotakada bakoitzean. Ikusleek ere entzun ahal izan zuten, frontoian eskuragarri egoten ziren aurikularrei esker.


Hala ere, oso lan gaitza dute Jokin Arbe eta Imanol Lópezen aurka. Hauek bai, hauek faboritoak dira, partidurako eta txapelketarako (Erkiaga-Etxeto eta Goiko-Aimarrekin batera). Baina gauzak, ondo ez, oso ondo egin behar dituzte, lehen jardunaldiko jokoarekin eta emaitzarekin alderatuta. 15-13, 15-6 galdu zuten Beaskoetxea eta Zabalaren aurka, eta emaitza hori eskasa da, ligaxka hamaieran hiru bikoteen arteko berdinketa balego. Beraz, Arbek eta Lópezek gaur, irabazi egin behar dute, bai ala bai. Eta komeni zaie 2 set eta 0 irabaztea. Modu horretan, azkenengo jardunaldian (Beaskoetxea-Zabala vs Hormaetxea-Manci), nahikoa lukete Beaskoetxeak eta Zabalak set bakar bat irabaztea.
Jokinek eta Imanolek 2 eta 1 irabazten badute gaur, Diegok eta «Bullet»-ek 2-0 irabazi beharko lukete, ia zihur, hurrengo jardunaldian. Eta Jokinek eta Imanolek gaur galtzen badute, noski, kalean geratuko dira.


Beraz, asko dago jokoan gaur Jostaldi pilotalekuan. Goiko eta Aimarren sailkapena etor liteke, eta Arbek eta Lópezek dena eman beharko dute, irabazi eta bizirik jarraitzeko. Hori guztia, presio gutxiagorekin jokatuko duten bikote biren aurka.


Oraindik indarrean dauden COVID neurriak direla eta, 300 pertsonarentzat egongo da lekua pilotalekuan. Partidua etzi emango dute Euskal Telebistako lehenengo katean, arratsaldeko 15.00tan. Bazkalostea goiztiarrenentzat, eta bazkalaurrean, eguerdia gehiago luzatzea gustatzen zaienentzat. Xabier Euzkitze esatari lanetan, Antxon Alberdi aditu lanetan, eta Olatz Foruria, pelotariei elkarrizketak egiten.


Informazio guztia, JAI ALAI NEWS-en.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE