Azaroak 11, 19:30tan (ETB 1, 22:15tan)
Eusko Label Winter Series, 3. jardunaldia
URREISTI-GORKA vs BARANDIKA-LOPEZ
Gazteria eta beterania. Mundua jateko gogoa eta esperientziaren bidez, partiduak ondo kudeatzen dakien jendea. Horixe izango dugu astelehen honetan aurrez aurre Gernikako Jai Alai pilotalekuan. Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal, bien artean 43 urte dituzten bi pilotari, eta Barandika eta Lopez, 34 eta 40 urte urrenez urren. Kilometro asko eta txapelketa asko maila gorenean, batez ere atzelari zumaiarrak.
Astelehenekoak badu beste gantxo bat ere. Urreisti eta Barandikaren arteko aurrez aurrekoa. Udan gertatutakoa oraindik buruan daukagu denok. Urreistik, atzean Zabala zuela, izugarrizko erakustaldia eman zuen Barandika eta Basque faboritoak Grand Slametik kanporatuz. Emaitzaz gain, jokoa, estiloa, ausardia, freskotasuna… hori izan zen zaleak bereganatu zituena. Handik egun gutxira errebantxa jokatu zen Biarritzen eta Xabik eta Thibault-ek, gainetik pasa zituzten bi aurkariak.
Astelehenekoak badu oraindik errebantxa usaina. Biarritzen baino, Barandikak, Gernikan, etxekoen aurrean erakutsi nahiko du, bere benetako maila. Atzean alde handia dago, baina Gernikan pilota atzeratzeko indarra badauka Gorkak eta kantxa luze horretan aurrera eta atzera mugitzeko hankak ere bai.
Gazteeek ezer gutxi dute galtzeko baina lehen jardunaldiko garaipenarekin, oraingoan set bat egitea ez litzateke emaitza txarra. Beteranoei aldiz, bi eta huts irabaztea komeni zaie, A multzoan beste guztien gainetik daudela erakutsi nahi badute. Setak ezezik, tantu guztiak dira hemen garrantzitsuak, finalerdietako sailkapena tanto-averagean erabaki baitaiteke. Goitia-Del Rio eta oraindik jokatu gabe dauden Laduche-Manci dira multzoko beste bi bikoteak.
A MULTZOA
1- Urreisti-Gorka……. 3 pt
2- Goitia-Del Rio……… 1 pt
3- Barandika-Lopez… 0 pt
4- Laduche-Manci…… 0 pt