Nafarroako lau t’erdiko txapela jantzi berri badauka ere, orain Frontisek programaturiko udako jaialdiak ditu begien aurrean.
iMANOL MAGRO / Berria
Eskuz binaka lau txapel lortu baditu ere, eskuz banakakoek bizkarra eman diote Berako aurrelariari. Manomanistako bi final eta lau t’erdiko bat galdu ostean, iragan igandean eta 39 urteekin Inaxio Errandoneak banakako bere lehen txapela jantzi zuen: Nafarroako lau t’erdikoa hain zuzen. Frontisen lehen pausuen inguruan ere, zer kontaturik badauka Errandoneak.
Azkenean lortu duzu buruz buruko lehen txapela.
Bai, azkenean lortu dut txapela bat. Jakina, ez geunden pilotari on guztiak, bi enpresa handienek ez baitute parte hartu txapelketa honetan. Baina, hala ere, ilusioa egiten du Karlos Armendarizi irabazteak.
Finala 22-20 amaitu zen, markagailu estua eta partida gogorra ezta?
Oso gogorra izan zen, 360tik gora pilotakadako partida, oso lehiatua eta tanto politak eskaini zituena. Gainera ez da ahaztu behar aurkariaren maila, kontuan hartu behar da duela hilaete gutxi arte Karlos Armendariz Asegarcen zegoela jaialdi garrantzitsuak jokatzen.
Baloratu ezazu, pilotari bezala, Nafarroako lau t’erdiko txapelketa.
Kirol balorazioa eginez gero, nik nota oso altua jarriko nioke. Finala Labriten jokatzea lortu genuen eta maila oneko partidak izan dira.
Orain baloratu txapelketa Frontiseko buruetako bat zaren aldetik.
Ikusle mailan erantzuna ona izan da, gure jaialdia sanferminetako kartel eta abonuetatik kanpo bazegoen ere, erantzuna nahiko ona izan zen. Gero prentsa oihartzunaren inguruan ere ondo, eragin dezente izan du. Oro har, balorazio positiboa.
Txapelketa izan al da Frontisek bere gain hartu duen erronka nagusia?
Bai, zalantzarik gabe. Gainera, Nafarroako federazioak gure txapelketa bultzatuko zuela esan izana, mugarri garrantzitsua izan da guretzat. Ikusi genuen gu ere kontuan hartzen gaituztela. Orain esperientzia hau oinarri hartuta, uda ostean, eta beste federazio batzuen lankidetzarekin, beste hainbat txapelketa bideratzea gustatuko litzaiguke.
Hilabete batzuk pasatu dira Frontis martxan jarri zenetik, nolakoak izan dira hasierako pausuak?
Balorazio oso ona. Gu zalantza askorekin hasi ginen, ez baikenekien zenbateko indarrarekin sartuko ginen pilota mundu honetan; gainera, pilotari ezagunak ginenak erdi jubilatutzat jotzen gintuzten. Horren aurrean, guk hainbat pilotari gazte fitxatu ditugu, horrek ilusioa piztu du eta Frontis beste aukera bat bezala jaio da. Horrez gain, udan federazioen baimenarekin afizionatuekin jaialdi misto batzuk antolatuko ditugu, gauza aurrera doa.
Gazte eta beterano konbinazioa erakargarria egin da?
Bai, hala da, zaleek gu ezagutzen gaituzte eta gurekin batera gazte horiek sona hartzen dute, bai Altuna, bai Amarika edo oso ondo dabilen Gorriti bera ere.
Eta udara begira?
Maiatzetik uztailera dezente jokatzen ari gara. Abuztu eta irailean agian partida gehiegi izango dira, jaialdi asko ditugu kontrataturik hilabete horietarako.
Bukatzeko, noiz arte ikusiko dugu Errandonea kantxetan?
Frontisekin hasi berri gara eta Armendarizi irabazi izanak sekulako ilusioa egin dit. Horrek ni ere maila politean nabilela esan dit, dena den gazteen progresioak esango du noiz arte jarraituko dudan.