Gazteen indarra

Irujok, Ruizek eta Olaizola II.ak hogeita lau urte bete aurretik jokatu dute Manomanistako finala

IMANOL MAGRO / Berria

Dylanek garaiak etengabe aldatzen ari direla abesten jarraitzen du. Pilotazale askori galdetuz gero, gehienek arrazoia emango liokete Dylan zaharrari. Izan ere, hiru urte nahikoa izan dira eskupilota profesionaleko txapelketetako protagonistak guztiz aldatzeko.

Pilotari belaunaldi gazteen agintea Manomanistako azken hiru aldietan azaleratu da modu nabarmenean. Bizar berridunen domeinua, euren arrakasta goiztiarrarekin nahastu da eta 30 urtetik gorako beteranoak guztiz erbesteratu dituzte. Aurtengo buruz buruko txapelketako koadroa begiratzea nahikoa da gazteen indarraz ohartzeko. Finalerdietan ariko diren lau pilotarietatik hiruk, Irujok, Olaizolak eta Ruizek, alegia, 24 urteak bete gabe zituztela jokatu zuten buruz buruko lehen finala. Pilotari gazteen arrakasta goiztiarrak hankaz gora utzi du pilota munduko uste errotuenetariko bat: zailtzea arrakastarako behar beharrezkoa dela. Aurtengo Manomanistako final-laurdenetan Eugi izan da 30 urtetik gorako bakarra. 25 urtetik beherakoak, berriz, lau izan dira. Aurreko urteetako txapelketei parekatuz gero, manomanista gazteen eragina ageriago gelditzen da. 002an Banakako txapelketako finalerdiak jokatu zituzten lau pilotarietatik aurten bat ere ez da final laurdenetara iritsi.

Gazte gara gazte… Heldu den asteko asteburuan buruz buruko txapelketako finalerdiak jokatuko dira. Bertan Manomanistako finala 24 urteak bete aurretik jokatzea zer den ezagutzen duten hiru pilotari kantxaratuko dira.

Juan Martinez Irujorena da kasurik paradigmatikoena. Bi urte dira Iberokoak debuta egin zuela, eta honezkero hiru final jokatu eta bi txapel jantzi ditu. Iazko Manomanista 22 urterekin irabazi zuen, txapelketa nagusian kantxaratzen zen lehen aldian. Aurten, 23 urterekin, binakako txapelketa irabazi du eta Manomanistako finalerdietan ariko den pilotari gazteena izango da. Patxi Ruizek, halaber, ondo daki gazte gaztetatik lehen mailako finalak jokatzea zer den. Lizarrako atzelaria 23 urterekin izan zen buruz buruko txapeldun, 2003ko finalean Olaizola II.ari irabazi zionean. Profesional mailako lehen finala, ordea, urtebete lehenago jokatu zuen, Olaizola I.arekin batera binakako finala galdu zuenean. Ruizek 18 urterekin egin zuen profesional mailako debuta eta bi aldiz jokatu zuen buruz burukoa txapeldun izan aurretik.

Aimar Olaizolak ez du eskuz banakako txapelik jantzi. Nolanahi ere, 23 urte zituenean finala jokatu eta galdu zuen. Olaizolak 19 urterekin jokatu zuen lehenbizikoz txapelketa nagusia, eta partida bakarra irabazi zuen. Manomanistako azken hiru txapelketetan finalerdietan sartu da eta aurten askok faboritotzat jotzen dute. Txapelketa nagusia irabazterik lortu ez badu ere, bi aldiz izan da txapeldun lau t’erdikoan. Lehen txapela 23 urterekin jantzi zuen. Finalerdietako beste hiru protagonisten adinako lorpenak ez badira ere, Sebastian Gonzalezek nahiko gazte pilatu zituen bere lorpen handienak. Azkainekoa bigarren mailako txapeldun izan zen 22 urterekin, finalean Imazi irabazita. 20 urterekin, berriz, munduko txapeldunorde izan zen Mexikon. Gazteen arrakasta aztertzeko garaian kontuan hartu beharreko beste faktore bat beteranoen errendimendu kaskarra da. Arazo fisikoak, urduritasuna eta prestaketa urria dela-eta, Patxi Eugik eta Ruben Belokik euren mailan jokatzerik ez baitute izan, eta bidean geratu dira.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE