* Bihar larunbata, 21:00tan hasita
Aaron-Manzi vs Eñaut-UndaERKIAGA-DEL RIO vs JOHAN-ZABALA
(finala ETB 1en 23:00tan)
* Erkiaga eta Del Rio dira Grand Slama irabazteko faborito
* Johan Sorozabal partida handi bat jokatzetik dator. Bart Donibane Lohitzunen, Laduche-Lekerika vs Johan-Portet: 14-15, 10-15. Master 4ko finalerdia
* Gernikako frontoia leporaino beteko da. Aurtengo edizioan ikusleen aurreikuspenak gainditu dira.
Gernikako frontoia leporaino beteko da bihar, Grand Slameko finalak faborito argi bat izan arren: Erkiaga eta Del Rio. Beste bikote finalista Johan Sorozabal eta Jon Zabalak osatzen dute. Hala egokitu zaie. Lehenbizi Barandika lesionatu zen eta Johanek ordezkatu zuen txapelketan. Ligaxkako azken partidan sartu zen Sorozabal eta galdu egin zuten, baina Barandikak etxeko lanak eginda utzi zizkion. Finalerdietarako sailkapena lortuta alegia. Partida horretan Olharan eta Lekerika ziren faborito argi, baina beste lesio batek, kasu honetan Olharanenak, finalean sartu ditu Biarritzeko aurrelaria eta Markina-Xemeingo atzelaria.
Aurrean Erkiaga da nagusi baina Johan Sorozabal aurrerapausu handiak ematen ari da. 21 urterekin, oraindik denbora bat behar du beste koxka bat gora egiteko baina ezaugarri paregabeak ditu. Gorputz egokia, pilotari abiada ematen dio, atzera jeisten da defenditzera, errebesarekin bikain atzeratzen du eta errematean gero eta ausartagoa. Atzo esperogabeko garaipena lortu zuen Donibane Lohitzuneko 4. Masterrean. Jerome Portetekin 14-15 eta 10-15 nagusitu zen Laduche eta Lekerikaren aurka. Atzean abantaila handia emanda beraz, oraintsu arte bere pareko edo maila handiagoko aurrelari baten kontra.
Beraz, eta Gernikako finalak kolore gorria izan arren, urdinek ere izan dezakete euren aukera. Ustez, pilota biziarekin aritzen dira erosoen Erkiaga eta Del Rio, eta motelarekin sufritzen dute gehien. Nahiz eta gaur egun, pilota motelena ere beste garai batzuetako pilota bizia izan. Zer galdu gutxi dute Sorozabalek eta «Bullet» Zabalak. Bizkaitarraren egitekoa pilotari gogor eman eta huts gutxi egiten saiatzea da. Eta pilota bizitzen denean, indarrak ondo neurtzea, Erkiagak errebotean esku-eskura oparirik izan ez dezan. Bestela, ez dute zereginik izango.
Batak edo besteak irabazi, partida egon dadila. Hori da guztion desioa. Jendearen erantzunari dagokionez, aurreikuspenak gainditu egin dira. 500 bazkidetik gora, txapelketaren azken bi eguntean 3.000 lagunetik gora batuko dira frontoian eta finalean dena beteko da.
Gernika Grand Slam. Orain arteko txapeldunak:
2017: Olharan-Lopez
2018: Goikoetxea-Lekerika
2019: Beaskoetxea-Lopez
2020: Beaskoetxea-Manci (pandemia urtea, pilotari gehienak Ameriketan)
2021: Erkiaga-Lekerika
2022: Olharan-Lopez