Gonzalezek eta Leizak lau t’erdiko bigarren faseko partida jokatuko dute, gaur, Santanapen
IMANOL MAGRO / Berria
Sebastien Gonzalezek eta Iñigo Leizak lau t’erdiko txapelketako final-zortzirenetako partida jokatuko dute gaur (22:30, ETB1), Gernikako Santanape pilotaleku zaharkituan. Bi pilotariak etxeko lanak eginda iritsi dira gaurko partidara, kaiolako jokoko espezialistak izan gabe lau t’erdikoko lehenbiziko partidak irabazi baitituzte. Gaurko kanporaketako irabazleak Titin III.aren aurka jokatuko du heldu den astean, Logroñon ziurrenik.
Gaurko bi protagonistek dohain eta joko mota desberdinak dituzten arren, asko dute komunean. Biek gabezia nagusi bera dute: izugarri urduriak dira. Gaur, ordea, biek lasai jokatzeko parada izango dute. Txapelketako lehen partida irabazita, hortik aurrerakoak saritzat har ditzaketelako.
Gonzalez eta Leiza kolpe bortitzeko aurrelariak dira, eta askoz erosoago jokatzen dute kantxa osoan lau t’erdian baino. Biak buruz buruko Bigarren Mailako txapeldun izanak dira, eta euren indarra antzutu egiten da kaiolan. Pilota aukeraketan bakoitzak egin nahi zuen jokoaren berri eman zuten: Gonzalezek errematea bilatuko du, eta Leizak botera jokatuz tantoak luzatzea.
Iragan abuztuan Azkainekoak eta lemoarrak lau t’erdian neurtu zituzten indarrak, Gasteizko torneoan. Gonzalezek sakeari esker irabazi zuen (22-16). Azkainekoak txokotik eta erditik egin zuen sakea, Leiza kontrakantxatik errestatzera behartuz. Litekeena da gaur antzerako zerbaitekin saiatzea, Leiza nahastu ahal izateko. Izan ere, Lemoakoa moralez gainezka dago, iragan astean Galarza jipoitu ostean (22-6).
Pilota aukeraketa lasaiak Bergaran eta Tolosan
Herenegun goizean Labriten sorturiko zalapartaren ondoren, lasaitasuna pilota aukeratzeetara bueltatu zen atzo. Bi pilota aukeraketa egin ziren, eta ez zen arazorik egon. Lau pilotariek gustuko pilotak aurkitu zituzten.
Goizean, Bergarako pilotalekuan, Imanol Agirrek eta Oinatz Bengoetxeak etzi erabiliko dituzten pilotak aukeratu zituzten. Arteakoak lurretik asko dabiltzan 103,7 eta 105,8 gramoko pilotak aukeratu zituen, Irujoren aurkako partidan erabili zituen antzerakoak. Bengoetxeak nahiago izan zituen pilota arinagoak, 103,2 eta 103,4 gramokoak, piloteoa saihestu eta errematerako egokiak direnak. Arratsaldean, Tolosan, Asier Olaizolak eta Juantxo Kokak astelehenean erabiliko dituzten pilotak aukeratu zituzten. Goizuetarrak 104,5 eta 105,5 gramoko pilotak hautatu zituen, eta Kokak 105,7 eta 105,4 gramokoak. Altzakoak aurkariak baino pilota biziagoak aukeratu zituen.
Azken partida
22-16
Gonzalezen bihurrikeriak: Iñigo Leizak eta Sebastien Gonzalezek Lau t’erdiko partida jokatu zuten joan zen abuztuaren 8an, Gasteizen. Andre Mari Zuriko Lau t’erdiko Torneoko lehen finalerdian Gonzalezek irabazi zuen (22-16). Azkainekoak txokotik eta kantxa erditik sakatu zuen, Leiza nahasteko.