Enekoitz Telleria / Berria
Geurekoi hutsak izaten gara horrelakoetan. Eta zergatia ulertzea ez da horren zaila ere. Faboritoek irabazten dutenean zer idatzi gutxiago egoten da. Ez dago horri buruz zalantzarik. Ezusteak joko gehiago ematen du beti, eta horregatik gordetzen diogu txoko bat beti barruan. Nik buruan Oinatz Bengoetxeari buruz idaztea neukan. Iruñeko Munduko Txapelketan ezagutu nuela esateko. Labrit frontoian elkarrizketa bat egin niola esateko. Estu hartzen saiatu nintzela, Espainiako selekzioarekin zertan ari zen behin eta berriz galdetu niola esateko. Ongi izkin egin zidala esateko, eta txapeldun izaera berezkoa sumatu niola esateko. Harroxko samarra iruditu zitzaidala orduan esateko, nahiz eta batere arrazoirik ez zuen horretarako. Umilagoa iruditzen zaidala orain esateko, harroxkoa izateko arrazoi gehiago dituenean.
Buruan neukan Ruben Belokiri buruz idaztea ere. Egun pilotan ari direnen artean setentaicuatro-ko kintakide bakarrenetakoa dela esateko, topatzen dudan bakoitzean horri buruz nola aritzen garen kontatzeko. Baneukan gordeta hari buruzko beste bat ere. Atzo bertan, partida jokatzen ari ziren bitartean, Belokirekin batera pilotan urte askoan aritu eta oso laguntzat daukadan beste pilotari batek esandakoa. Berdin zitzaiola hari Belokik txapela jantzi edo ez, finalak jokatu edo ez. Hark ez duela horrelakoen beharrik txapeldun izateko, esan zidan. Hura berez dela txapelduna. Ez duela hura bezalakorik ezagutu beste bat. Ez kantxan ez kantxetatik kanpora. Horren pertsona noblea, horren pertsona ona. Hori kontatu zidana ezagututa, oraindik balio gehiago hartzen dute hitz horiek.Baina ezustekorik ez da izan, eta joan dira esan eta kontatzeko buruan nituenak. Irujo eta Goñi txapeldunei buruz dagokit aritzea, nahiz eta faboritoek irabazten dutenean zer idatzi gutxiago egoten den. Geurekoi hutsak izaten gara horrelakoetan.Irujori buruz ezer berririk esateko idaztea ez baita erraza. Finalek beti ematen dute zeresana, beti sortzen da burrunba gehiago haien inguruan, eta beti ausartzen da jendea gehiago jarraitzen ez duen kirolari eta kirolariei buruz iritzia ematera horrelakoetan. Oso hurbileko norbaitek atzo esandakoa da: «Ez dakit zergatik goratzen duzuen horrenbeste Irujo. Munduko onena izango da, baina ez zait batera gustatu aste honetan erakutsi duen jarrera. Nola da posible? Galdetzen diozue bere jokatzeko eraren inguruan eta zera esaten du: ‘Bizi guztian jokatu dut horrela eta ez daukat aldatzeko asmorik. Emaitzak hor daude’. Ez dut jarrera hori ulertzen. Txapeldun batek, edozein kiroletan, perfekziora hurbiltzea izan behar du helburu. Zergatik ez onartu ‘bai, presakaegi aritzen naiz askotan eta agian aldatu egin beharko nuke hori’, ‘litekeena da arrazoia izatea, bainaÉ’ Ez dut ulertzen jarrera hori, ‘ez daukat aldatzeko asmorik’ hori». Saiatu nintzen azalpenak ematen: normala dela Irujok hori esatea, horrela jokatuta aritu dela bi urtean hiru finaletan, eta horrela jokatuta irabazi dituela bi. Ezin zaiola horri kontra egin. Emaitzek ematen eta kentzen dutela dena kirolean. Uneotan ez dagoela haren parekorik beste bat. Saiatu nintzen konbentzitzen, baina ez nuen lortu. Zer pentsatu ematen du.Gutxien atzo, Fernando Goñiri buruz aritu ginen. Agortu zaizkigulako haren jarduna goratzeko erabil daitezkeen hitzak. Jokatu dituen final guztiak irabazi ditu, eta hiru daramatza irabazita azken bost urteotan. Badirudi 32 urterekin eman zaiola orain arte izan ez duen errekonozimendua. Askotan aurpegiratu digu kazetarioi aurrelari izarrekin bakarrik akordatzen garela, eta ahaztu egiten ditugula atzelari langileak. Berandu, baina akordatu gara haiekin ere. Goñi da guztiak batean biltzen dituen eredua. Ez zaigu gehiagotan ahaztuko. Geurekoi hutsak izaten gara horrelakoetan.