«Goi mailakoak izarrak dira, bigarren mailakoak ez ditu inork ezagutzen» Urberuaga

Jaialdietako hirugarren partidetako itzalpetik irteteko aukera iritsi zaio. Bigarren mailako manomanistako finalerdia jokatuko du, etzi.

IMANOL MAGRO / Berria

Etzi bigarren mailako Eskuz Banakako txapelketako finalerdia jokatuko du Bergaran, eta atzo egin zuen pilota aukeraketa. Txapelketak bere jokoa garaiz erakusteko aukera eman dio, Asperekin duen kontratua maiatzaren 31n bukatzen zaiolako. Ikasketak eta Espainiako selekzioari uko egin zionekoa elkarrizketaren hitzaurre izan dira.

Zer moduz dituzu eskuak?

Final-laurdenetako partida min apur batekin bukatu nuen eta azken hamar egunetan errekuperazio lana egin dut. Orain ondo ditut. Halere, azken egunetan ez dut gustura entrenatzerik izan. Saio pare bat egin ditut, azkenenekoa herenegun, baina tako askorekin aritu behar izan naiz.

Aurkari gogorra egokitu zaizu.

Hala da, Leizak dena egiten du ondo. Bi esku on ditu, ezkerrez errestoan aise gozatzen du, kantxan ondo ibiltzen daÉ agian aire joko apur bata falta zaio, baina, bestela, manomanista peto-petoa da.

Nolako partida izango da? Luzea izatea espero dut. Motza bada berak erraz irabazi didan seinale. Partida luzea nahiko nuke, ni fisikoki ondo prestatuta nago eta hor nire aukerak izan ditzaket. Ni hori lortzen saiatuko naiz, atzelaria naiz eta pilota atzean egotea komeni zait.

Aurretik Eulate kanporatu zenuen, zerrendaburuetako bat. Halako garaipenek konfiantza ematen dute?

Partida beldurrez hasi nuen, eta lehen lau tantoak saketik egin zizkidan. Gero sakea berreskuratu nuenean piloteoan agindu nuen. Bera bikoteka oso ondo aritzen bada ere, banaka kantxan asko mugitu beharra dago. Gero, dejada ondo bota nuen eta sakearekin min asko egin nion.

Azken bi urteetan lesioek ez dizute bigarren mailakoan gustura jokatzen utzi, txapelketarekin zorrak kitatzeko aukera iritsi al zaizu?

Zorte txarra izan zen, eta ez zaio hainbesteko garrantzirik eman behar. Aurkariak hor zeuden eta lesionatu izan ez banintz ere, aurrera egitea oso zaila izango zen. Lesioak zorte kontua dira eta kirolaren barnean daude.

Nola daramazu finalerdietako ‘ezezaguna’ izatearena?

Normala da, nik hirugarren partidak jokatzen ditut eta besteen aldean izen gutxi daukat. Baliteke niretzat hobe izatea, aurretik presio gutxiago izango dudalako. Gero, partidan, presiorik ez zait faltako, finala jokatzea sari handia baita.

Finalera iristea zure burua aldarrikatzeko aukera izango litzateke.

Banaka eta bikoteka jokatzea oso desberdina da. Nik buruz buru errendimendu hobea ematen dut. Bikoteka hirugarren partidak jokatzen ditut, azkenaldian lehen partida batzuk jokatu baditut ere. Astero lehen partidak jokatu nahi nituzke, baina horiek jokatzeko demostratu beharra dago. Bigarren mailako txapelketa ona egin izanak lehen partida gehiagotan sartzen lagun diezadake.

Finalean pentsatu al duzu? Saria oso erakargarria da.

Hasi nintzenean lehen partida irabaztean pentsatzen nuen. Orain, finalerdietan, partida bakarra falta da eta edonork irabaz dezake. Aukera hor dago baina oso zaila izango da.

Bigarren mailak jasotzen al du behar lukeen oihartzunik?

Aste honetan lehen mailako partidarik ez dagoenez komunikabideek arreta gehiago jarri dute bigarren mailakoan. Aste honetan Irujok eta Ruizek jokatu izan balute ez dut uste hemen kazetaririk agertuko zenik. Normala da, pilotan mundu guztiak lehen maila jarraitzen du. Beste edozein kiroletan bezala, lehen mailakoak izarrak dira eta bigarren mailakoak ez ditu inork ezagutzen.

Afizionatu mailan garaipen zerrenda ona osatu zenuen, hain handia al da profesionaletarako jauzia? Ni Garfen hasi nintzen, urtebetez egon nintzen han. Gero, Aspeko lehen urtean ez nuen erregulartasunik lortu. Aurten, berriz, bikoteka ondo aritu naiz. Maiatzaren 31n amaitzen zait kontratua eta bigarren mailako txapelketa onarekin berritzeko itxaropena dut. Enpresarekin ez dut hitz egin. Nik lan ona egin dut eta txapelketak lagun nazakeela uste dut.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE