GOIKOETXEA-LOPEZ, BIARRITZEN GARAILE…. TANTU BATENGATIK

GOIKOETXEA-LOPEZ vs SOROZABAL ANAIAK: 10-15, 15-5, 5-4

* JAI ALAI LEAGUE-ko bigarren txapelketan zumaiarrak garaile. 

* Winter Seriesa Beaskoetxeak eta Lopezek irabazi zuten. 

* Donibaneko Nazioartekoak eta Paueko Kopa falta dira, azken fasera joan aurretik.

Aurtengo Urrezko Xisterako finala (bere historiako 47.a) sinbologiaz betea zegoela esaten genuen, partida aurreko analisietan. Belaunaldi eta aro aldaketa sinbolizatzen duen finala izan da. Baita, zesta-puntan, Iparralde-Hegoalde arteko oreka berriaren adibide ere. Final ez-ohikoa, lau protagonistetako inor ez baitago bere «onenean». Goikoetxea eta Lopez, pilota uzten hasiak diren belaunaldikoak dira (Imanoli oraindik geratzen zaio eta ez du aurkaririk), eta Sorozabal anaiak, oraindik erabat egiteko daude. Halako adin diferentziarekin (21-22 urte lapurtarrek, 43-39 gipuzkoarrek) mirari bat da lau pilotari hauek final haundi batean koinziditu izana. Zoriak, eta pilotarien kalitateak, posible egin dute bi belaunaldi hauek final haundi batean elkar topatzea. Goikoetxearentzat bere hirugarren eta azken Urrezko Xistera izango da. Imanolek palmares zabalagoa du Biarritzen eta oraindik handitzen jarraitu nahiko du. Gazteak, pilotan jokatzen hasi besterik ez dira egin. Johanen bigarren denboraldia dugu hau eta Gorkaren lehendabizikoa. 

Partida aurretik Goiko eta Lopez ziren faborito nagusi. Esperientzia falta dute oraindik gazteek, baina etxean jokatzen zuten, publiko guztia euren alde jarrita, eta kantxaren ezaugarriak alda zitzakeen bero eta hezetasun handiarekin. Gazteak hasi dira hobeto. Hotzago berriz zumaiarrak. Konturatu orduko 3-8 ziren markagailuan atzetik. Atsedenaren ondoren ahalegindu dira egoerari buelta ematen, 6 eta 8ra ere urreratu dira baina Johanek eta Gorkak seta kontrolatuta izan dute uneoro. 15-10 lehendabizikoa lapurtarrentzat.

Bigarren jokoan gorriak biziago ikusi ditugu. Goikoetxeak errematatuz hasi du seta eta 5-1 eta 8-3 jarri dira aurretik. Atsedenaren osteko lehen bi tantuak ere zumaiarrentzat izan dira eta horren aurrean, Johanek eta Gorkak indarrak eta esfortzuak neurtu dituzte, hirugarren setean pentsatuz. Tantuak laburtzen ahalegindu da Gorka, Johan ere sake zail batzuetara sartu da eta 15-5 , errez nagusitu dira bigarren jokoan Iñaki eta Imanol.

Desenpatean, lehen tantua orlegiek egin dute. Ondoren 1-1. Hurrengo tantuan Lopezek pilota punpa gora sartu eta erreboteko goiko aldera bota du (1-2). Bina berdindu dute ondoren, 3-2 zumaiarrak aurretik, 3-3 berdindu biarriztarrek, 4-3 berriz gipuzkoarrak aurretik, 4-4 eta azken tantuan Imanol Lopezek agintea hartu du. Sake errestotik bertatik eskumaz hasi da jokatzen, pilota guztiei abiada bizia eman die eta baita noranzko egokia ere, bi aurkarien erdian intentzio handiz kokatuz, Gorkarentzat pilota ezinezkoa jarri duen arte. 5-4 eta txapela Zumaira.

Baliteke partida hau (Goiko-Lopez vs Sorozabal anaiak) sekula gehiago ez ikustea, baina behin behintzat jokatu da. Horren lekuko izan dira Euskal Jai pilotalekuko 1.700 zaleak. Denak zutik jarri eta txaloka hasi dira, partida bukatu bezain laster. Agur usaineko partida izan da Goikoetxea badoalako. Eta era berean, ongietorriena ere bai. Gauzak normal badoaz, hainbat final jokatu eta irabazten ikusiko ditugulako hurrengo urteetan Ana Mari Sorozabal margolari donostiarraren iloba pilotariak. 

JAI ALAI LEAGUE

Jai Alai League zirkuituko bigarren txapelketa izan da hau. 

1- Gernika Winter Series: 

Beaskoetxea-Lopez garaile

2- Biarritz Urrezko Xistera:

Goikoetxea-Lopez garaile

3- Donibane Lohizuneko Nazioarteakoak: 

Johan-Lopez finalean. 

Bigarren finalerdia gaur: Erkiaga-Gorka vs Goikoetxea-Minvielle

Finala: datorren asteartean

4- Paueko Kopa: 

Finalerdiak jokatzeko. Johan-Minvielle vs Laduche Gorka (bihar)

Erkiaga-Del Rio vs Goikoetxea-Lopez (irailak 1)

Finala: irailak 7

5- Durango:

Jai Alai Leagueko azken fasea, urrian.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE