Azkoitian abiatuko dute final-laurdenetako bigarren saioa, Irujo-Goñirekin
E. TELLERIA / Berria
Azkoitiko Gurea frontoian hasiko da gaur EPELen Eskuz Binakako Txapelketako final-laurdenen bigarren saioa (22:30, ETB1). Martinez Irujo-Goñi III.a eta Gonzalez-Pascual ariko dira bertan. Hil edo biziko partida da azken bi horientzat, joan den larunbatean Iruñeko Labriten jokatutako lehena galdu egin baitzuten (22-19).
Partida hark, dena dela, zera utzi zuen agerian: bi bikote horien arteko norgehiagoka batean edozer gauza gerta litekela. Irujo-Goñi III.ak eskura dute finalerdietarako txartela, eta lehen partida hark akatsak zuzendu eta 22ra iristeko horrenbeste sufritu beharrik ez dutela ikasteko balio behar diela aitortu zuen herenegun Irujok. Gaur du hori guztia barneratu duela erakusteko eguna. Alegia, ez duela zertan parean tokatutako pilota guztiei eman. Gonzalez eta Pascualek ez zuten partida txarra egin orduan, baina Irujoren zirimolak aldrebestu zituen biak. Goñi III.a da lauren artean beti maila berdina ematen duen bakarra, kontrarioen dohain nagusia ere ez baita erregulartasuna. Gaur, ordea, duten onena eman beharko dute beste aukera bat izan nahi badute.
Final-laurdenetarako bigarren saiorako azken bi pilota aukeraketak atzo egin ziren. Eibarko Astelenan zen lehenengoa. Berasaluze VIII.a-Ruiz eta Bengoetxea VI.a-Beloki aritu ziren bertan. 106, 104,6 eta 104,5 gramoko pilotak aukeratu zituzten lehenengoek, eta 104,3, 105,6 eta 105ekoak kontrarioek. Aitzakiarik ez. Tolosako Beotibarren egin zen bestea. Titin-Barriola eta Xala-Lasa aritu ziren bertan. 103,5, 102,8 eta 104,7 gramoko pilotak lehenengoenak, eta 106,7, 105,4 eta 106,5ekoak kontrarioenak. Barriolaren eskuin eskua ongi dago.